Sute bat piztu da Meoz eta Lareki (Nafarroa) arteko pinudi batean, Longidako ibarrean, eta hura itzali nahian ari dira lurretik nahiz airetik. Suak Elebarri mendiko hegoaldeko hegalari eragiten dio, eta malda handiak –%21era ere iristen dira– sua itzaltzea zailtzen ari dira.
15:15 aldera jaso dute deia larrialdi zerbitzuek, eta bertara joan dira Tafallako, Lizarrako, Zangozako, Cordovillako eta Azkoieneko (Nafarroa) suhiltzaile parkeetako suhiltzaileak. Beste hainbat baliabide ere jarri dituzte: helikopteroz garraiatutako bi talde, koordinazioko taldea eramateko helikopteroa, eta suteak itzaltzeko erabiltzen den hegazkin bat. Gainera, Errioxatik mota horretako beste bi hegazkin joan dira, baita hidrohegazkin bat Huescatik eta helikoptero bat Zaragozatik (Espainia) ere.
22:00ak aldera jakinarazi dute sutea «egonkortzeko bidean» zegoela, baina 300 hektarea inguru erre ditu.