Suteak izateko arriskua oso handia da egunotan Nafarroan. Hain zuzen ere, arrisku gorrian —maila gorenean— dago herrialdeko hegoaldea, Espainiako Barne Ministerioko Babes Zibilak ohartarazi duenez.
Aurten sute gutxiago izan dira Nafarroan, baina hektarea gehiago erre dira jadanik aurreko urteko denbora tarte berean baino, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. Izan ere, bi sute handi gertatu dira uda honetan, eta, haien ondorioz, hektarea ugari kiskali dira. Suterik larriena uztailaren 18an gertatu zen, Arraitzan, eta 230 hektarea erre ziren, haietako asko eta asko basoak osatutakoak.
Udako beste suterik larriena Bardeako naturgunean gertatu zen, Eguaratsen, ekainaren 28an. 50 hektarea erre ziren.
Sutea Irison
Egunotan kalte handirik izan ez bada ere, sute txiki batzuk izan dira han-hemenka. Esaterako, herenegun hasitako sute batean hiru hektarea uztondo erre ziren Irison, Itzagaondoan. Istripua txikia izan bazen ere, inguruko bizilagunen artean ardura handia izan zen. Izan ere, duela bi urte, ingurune horretan sute handi bat gertatu zen. 826 hektarea erreziren —gehiena basoa—, eta lau herritako bizilagunak etxetik aterarazi zituzten, Altzorritzen, Zuhatzun, Ardanatzen eta Erretan. Hain zuzen ere, Erreta Irisotik hiru kilometro eta erdira dago.
Ingurunea oso lehor dago, eta sua labore lurretik basora iristea galarazteko, Nafarroako Gobernuak hiru eskualdetako suhiltzaileak mugiarazi zituen Irisora: Iruñekoak, Zangozakoak eta Tafallakoak. Helikoptero bat ere eraman zuten sutearen eremura, baina ez zen beharrezkoa izan. Ordubete inguruan sutea amatatu zuten suhiltzaileek. Horrez gain, Aberinen (Nafarroa) beste sute txiki bat gertatu zen olibadi batean. Lizarrerriko suhiltzaileek amatatu zuten sua, helikoptero baten laguntzarekin.
Suteei aurre egiteko makineria guztia martxan dauka Nafarroako Gobernuak egunotan. Alabaina, denak ez daude erabat pozik. Esate baterako, Nafarroako basozainak kexu dira aspalditik, Nafarroako Gobernuak gai honen inguruan hartu duen jokabidearekin.
Izan ere, basozainek uste dute udan ez dutela haien lana behar bezala baliatzen. Jose Antonio Perez-Nievas Nafarroako Basozainen Elkarteko lehendakariak azaldu duenez, urteko 365 egunetan Nafarroako basoetan lanean ari badira ere, uda iristen denean, dauden tokitik kendu eta aholkulari huts moduan hartzen dituzte. «Udan ere basoan eta mendian egon behar dugu, eta ez itxura egiten bakarrik».
Une honetan 126 basozain ari dira lanean Nafarroako mendietan. Haietako batzuk suteei aurre egiteko lanean ari badira ere suteak gertatzen direnean ez dituztela abisatzen kexatu da Perez-Nievas. «Bardean gertatu zen sutera basozainak joan ginen —tartean ni neu— , sua ikusi genuelako, eta ez abisatu gintuztelako».
Suteak zergatik gertatzen diren jakitea oso garrantzitsua dela uste dute basozainek, errotik aurre egin ahal izateko. «Guri dagokigu prebentzioa, baina horretarako jakin behar dugu zergatik gertatzen diren suteak».
Nafarroan sute gehienak gizakien arduragabekeriaren ondorioz pizten dira. Gaizki itzalitako barbakoa edo zigarroengatik, behar ez den mendi pistetan ibilgailuak sartzendirelako... «Une honetan badira saihestu behar diren arriskuak, lurra oso lehorra dagoelako».
Basozainek formakuntza jasotzea eskatu dute suteei aurre egin ahal izateko. Aurten ikastaro bat eman diete, baina hartan «kultura orokorreko» kontzeptuak besterik ez zituzten jorratu, Perez-Nievasek salatu duenez.
Suteak izateko alerta gorenean jarraitzen du Nafarroako hegoaldeak
Espainiako Barne Ministerioak eman zuen abisua asteburuan, eta zaintza neurriak estutzeko eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu