Suteek 477 hektarea kiskali dituzte uda honetan Nafarroan

Iazko datuekin alderatuz, nabarmen hobea izan da aurtengo uda; iazko herena kiskali da

Erredakzioa
Iruñea
2010eko urriaren 12a
00:00
Entzun
250 sute jazo dira uda honetan Nafarroan, eta 477 hektarea kiskali dira, horietako 338 baso lurretan. Iazko datuekin alderatuz, aurtengoak askoz hobeak direla nabarmendu du Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Sailak; iazko herena baino ez da erre aurten. Iazko udan, izan ere, 1.386 hektarea erre ziren, horietako 885 baso lurretan. Nolanahi ere, sute kopuruari begira iaz gutxiago izan ziren; 192, eta horietako 153 sute hasierak baino ez ziren izan. Ekainaren 1ean hasi eta irailaren 30ean amaitzen du Nafarroako Gobernuak udako suteen gaineko kanpaina, eta aurtengo behin-behineko datuak atzo jakinarazi zituen.

Aurten, zalantza izpirik gabe, suterik handiena abuztuaren 11n piztutakoa izan zen; Faltzes eta Azkoien artean 267 hektarea kiskali zituzten garrek, gehienak Azkoiengo lurretan. Ustez mendian piztuta lagatako arranparrila batek eragin zuen sute hori, eta hiru lagun inputatu zituen Tafallako Auzitegiak basoa erretzea leporatuta. Hasiera batean bost lagun atxilotu zituzten ustez jazoerarekin lotura zutelakoan, baina gero soilik hiru lagun auzipetzea erabaki zuen epaileak.

Uda honetako suterik gehienak, nolanahi ere, sute txikiak izan dira; 229 sute hasierak baino ez ziren izan, eta hektarea bat erre aurretik kontrolpean hartu zituzten. Suterik gehien izan zuen hilabetea ekaina izan zen, zortzi sute izan ziren denera. Nolanahi ere, triskantzarik handiena garrek abuztuak eragin zuten.

Sutea Funesen

Atzo, bestalde, sute bat izan zen Funesen, Inlemaz kontserba fabrikan. Azkoien eta Tuterako suhiltzaileek goizeko laurak aldera jaso zuten abisua, eta ordu batzuk behar izan zituzten garrak guztiz itzaltzeko; goizeko zortzieta erdiak arte ez zituzten amatatu erabat.

Fabrikako bulegoetan eragin zuen kalterik handiena suak, eta gainerakoan apenas igarri ziren ondorioak. 100 metro koadro inguruko eremua hartu zuten garrek, eta, batez ere, papera eta plastikoa erre zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.