Tabakoaren kontrako legea gogortzea onartu du Espainiako Kongresuak

Aurreko legea betetzeko egokitze lanak egin zituzten ostalariek ez dute onura fiskalik izango orain

Jon Rejado.
Gasteiz
2010eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 2tik aurrera ezingo da leku publiko itxietan erre. Espainiako Kongresuak 2005ean onartutako Tabakoaren Legea aldatzea onartu zuen atzo, eta duela bost urteko arauak onartzen zituen salbuespen gehienak kendu ditu. Espetxe eta ospitale psikiatrikoetako gune zehatz batzuetan baino ezin izango da erre, Senatuak eskatutako salbuespenak ez direlako onartu.

Senatuak egindako zuzenketa gehienak atzera bota ditu Kongresuak, aldaketa gutxi batzuekin. Hala, tabakoaren salerosketan muga apur bat lausoagoa jarri du. Denda zehatz batzuetan puruak aleka saltzea baimendu du, besteak beste. Ordea, kasino, bingo eta joko aretoetan ezingo da erre, ezta gune berezirik egokitu erretzaileentzat ere, Senatuak zuzenketa hori eskatu zuen arren.

Duela bost urteko legearekin jatetxe eta tabernetan erretzaileentzako guneak egokitu zituzten ostalariak nolabait saritzea ere baztertu du Kongresuak. Senatuak onura fiskalak eskaintzeko aukera proposatu arren, ez da onartu. Obrak egitea borondatezkoa zela argudiatu zuen Pilar Grande Pesquero PSOEko diputatuak, eta, egin zutenek dagoeneko inbertsio hori amortizatu dutela, gainera.

Zigorrei dagokienez, urtarrilaren 2tik aurrera Tabakoaren Legearen urratze arinak 30 eurotik gorako isunekin zigortuko dira, urratze larriak 10.000 euro artekoak izango dira, eta oso larriak direnek 600.000ko isunak jasoko dituzte gehienez.

Leire Pajin Espainiako Osasun ministroak legearen aldaketaren garrantzia nabarmendu zuen atzo, eta tabakoaren eraginari buruzko datuak eman zituen. Estatuan 50.000 pertsona hiltzen dira urtero tabakoarekin lotutako gaitzen ondorioz, horietatik 3.000 erretzaile pasiboak dira, eta 1.000 ostalaritzako langileak. Bide batez, Irlandan tabakoaren aurkako legeak izan zuen eragina Espainian ere izatea nahiko lukeela adierazi zuen ministroak, bihotzekoen ondorioz ospitaleratutakoen kopurua %11 jaitsi baitzen urte batean.

Ordea, zailtasunen berri badute. «Ohitura aldaketek denbora behar dutela badakigu, baina azkenean merezi dute». Ostalarien kezkak ulergarriak direla azaldu zuen, baina Erresuma Batuan eta Italian lege aldaketek ostalariengan eraginik ez zutela izan gaineratu zuen.

2005eko legea «motz» gelditu zela nabarmendu zuten Espainiako Kongresuko talde guztietako bozeramaileek, eta atzo onartu zen aldaketa epe luzera begirakoa dela berretsi zuten. «Egun ona da, legea behingoz ixten delako permisibitate guztiekin bukatu ondoren», nabarmendu zuen Joseba Agirretxea EAJko diputatuak.

EAEn oraingoz zigorrik ez

Atzo onartu zen 2005eko Espainiako tabakoaren legearen aldaketa oinarrizko legea da, eta, ondorioz, Hego Euskal Herrian ere eragina izango du urtarrilaren 2tik aurrera. Ordea, autonomia erkidegoei dagokie lege hori garatzeko eta betearazteko arauak onartzea. Eusko Legebiltzarra EAEn indarrean jarriko den legea lantzen ari da gaur egun, baina onartzen duen arte Eusko Jaurlaritzak ez du zigorrik jartzeko aukerarik izango.

Tabakoaren Legearen urratzeak zigortu ahal izateko EAEko araudia aldatu behar dela ohartarazi du Gemma Zabaletak, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako sailburuak. Dena den, zigorrik jarriko ez duen arrenlege berriaren jarraipena egingo dutela gogorarazi du Zabaletak. «Ezin izango dugu zigorrik jarri, baina hezkuntzan, pedagogian eta ebaluazioan lan egiteko eskumena badugu».

Bestetik, momentuz zigorrak jarriko ez dituen arren Tabakoaren Legearen urratzeen salaketak jasotzeko «tresna guztiak» indarren jarriko dituela aurreratu du. Bitartean Eusko Legebiltzarrak legea onartzeko izapideekin aurrera jarraituko du, eta, Zabaletak aurreratutakoaren arabera, Espainiakoa legeak arautzen ez dituen alor batzuk zehaztuko ditu, gainera.

Nafarroako Gobernuak ez du aparteko legerik onartzea aurreikusten, eta Espainian onartu duten legea bere horretan ezartzeko asmoa agerian utzi du du dagoeneko Maria Kutz Osasun kontseilariak. Horretarako, arau bat onartuko du Nafarroako Gobernuak, eta bertan zehaztuko du Espainiako Tabakoaren Legea nola garatu eta betearazteko asmoa duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.