Tabakoaren legea betetzeko bi egun soilik izango dituztela diote ostalariek

Erretzeari uzteko helburuarekin ados daudela diote, baina ez horretarako aukeratu den moduarekin

Urtarrilaren 2tik aurrera erretzaileek ezingo dute erre leku publikoetan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2010eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Asteartean onartu zuen Espainiako Kongresuak Tabakoaren Kontrako Legea gogortzea. Abenduaren 28an argitaratuko dute Espainiako aldizkari ofizialean, eta urtarrilaren 2an jarriko dute indarrean. «Oraindik ez ditugu legearen xehetasunak ezagutzen. Hilaren 28ra arte itxaron beharko dugu. Eta ostalariok bi lanegun baino ez ditugu izango aldaketak egiteko», salatu du Angel Gago Euskal Herriko Ostalaritza Federazioko idazkari nagusiak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalari gehienak ordezkatzen dituen erakundea da.

Lege aldaketari «kontraesan ugari» atzeman dizkiote ostalariek, eta betetzea ezinezkoa izango den hainbat neurri ezartzen dituela uste dute. «Lege honen helburua, ustez, gu guztion osasuna babestea da. Oso ondo. Baina erretzea debekatzen den hein berean salmenta tokiak ugaritu egiten dira», salatu du. Horiek hala, Gagoren ustez, lege hori «domina mediatiko bat» baino ez da. «Komunikabideetan urrezko minutua izan dute, gure osasuna salbatzera datozela esanez. Baina legeak betetzeko dira, eta, horretarako, betetzeko modukoak izan behar dute. Hau ez da betegarria». Ostalariak helburuarekin ados daude, baina ez datoz bat helburua lortzeko aukeratu den bidearekin.

Gagoren irudiko, legeak ezartzen dituen debekuak ostalaritzan baino ezin izango dira bete, «eta hor ere kostata». Horrek ostalaritzarako lege bat dela pentsarazi die. Adibide batekin argudiatu du: txoko edo elkarte gastronomikoak. Legeak aipatu ere ez dituela egiten salatu du, hitz hori ekidin dutela. Horrekin tabernak eta jatetxeak diskriminatzen ari direla iruditzen zaie. «Gure kabinete juridikoari kasua aztertzeko eskatu diogu, eta hala dela baieztatzen bada, neurriak hartu beharko ditugu».

Legeak, gainera, ez du zehazten terraza eta antzeko azpiegituretan erre ahal izango den. Oro har, espazio publikoetan erretzea debekatzen du, salbuespenak daudela onartzen du, baina ez ditu guztiak zerrendatzen. Gainera, tabakoa aipatzen duela ohartarazten du Gagok. «Tabakoa bakarrik? Beste substantzia batzuk erre daitezke? Horiekin zer egin behar dugu? Erretzen utzi?».

Kasuistika zabala

Federazioko kideei hainbat aholku eman dizkiete, eta izan ditzaketen zalantzak argitzen saiatu dira. Txosten horretan, besteak beste, erretzaileentzat txokorik ezin dutela atondu edo erretzailea ez den batek beste bat erretzen ikusiz gero erreklamazio orriak eska ditzakeela azaldu diete. «Hautsontziak kentzeko gomendatu diegu. Bezero askok, gainera, kalera atera nahiko dute zigarroa erretzera. Kasu horietan edalontzia barruan uztera derrigortu behar dute». Jendea kalean erretzen elkartzen hasteak, batez ere gaueko giroko tabernetan, bizilagunekin istiluak sortuko dituela aurreikusten dute ostalariek, eta Gagori ulergarria iruditzen zaio. «Ni ere kezkatuko nintzateke etxepean taberna izango banu. Pentsa zelako astrapala sor daitekeen. Baina nork du horren errua? Ostalariak? Ez, lege zentzugabe hau egin duen legegileak».

Ostalaritzako hainbat lokaletan, gainera, kalera irtetea zaila dela nabarmendu du Gagok; esate baterako, dantzaleku eta bingoetan. Sartzeko eta irteteko erregistratu egin behar izaten da. «Ez al dira ohartu erre nahi duten bakoitzeko arazo bat sortzen dela? Halako lokalei kalte egin nahi diete?».

Lege horrek ostalariei ez ezik beste hainbati ere eragingo diela ohartarazi du. «Etxeko lanak egiteko norbait kontratatu duen etxearen jabeak erre al dezake? Langile horren osasuna zaindu behar badu, ez. Baina etxea ez da eremu publikoa. Honek ez du ez hanka, ez buru!». Aurrerantzean kirol azpiegituretan, oro har, ezingo da erre, aire librean ez badaude. Hori da futbol zelaien kasua. «Eta San Mamesen ez al dago nire tabakoaren kea arnastuko duen umerik?».

Eusko Legebiltzarrera begira

Otsailean onartuko du Eusko Jaurlaritzak tabakoaren kontrako bere legea. Espainiako Kongresuak onartu duena baino leunagoa ezin da izan. Sailburuari entzundakoagatik, gainera, zorrotzagoa izango den beldur dira. «Horiek ere euren domina nahi dute. Haiek hau egin zuten? Ba guk hau eta hau». Horregatik, eskaera bat egin die Gagok. Inguruko autonomia erkidegoetan onartuko diren legeak baino zorrotzagoa ez izateko.

Erretzeari uztea sustatzeko bestelako aukera eraginkorragobatzuk badaudela iruditzen zaie. «Heziketa garrantzitsua da. Edo zergak igotzea erabaki zezaketen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.