Tabernak 23:00etan itxi beharko dituzte Baionako «ez-festetan»

Baionako Udalak neurri bereziak hartuko ditu uztailaren 29tik abuztuaren 2ra festarik egon ez dadila kontrolatzeko. Saltokietan ez dute salduko edari alkoholdunik 15:00etatik aurrera, eta ezingo da alkoholik edan kalean, ezta musika jarri ere.

Baionako festak, iaz. BOB EDME
2020ko uztailaren 8a
17:58
Entzun

«Ez dago Baionako festarik 2020an», adierazi dute Jean Rene Etxegarai alkateak eta Herve Jonathan Pirinio Atlantikoetako suprefetak gaur goizean. Ez da gaurko albistea, udalak apirilean utzi baitzituen bertan behera uztailaren 29tik abuztuaren 2ra egitekoak ziren festak, baina, egun horietarako hiru aste falta direla, segurtasun neurri bereziak aurkeztu dituzte, tabernetako, jatetxeetako eta peñetako ordezkariekin batera egin duten agerraldi batean.

«Festarik ez egoteak ez du esan nahi bizitza geratuko denik. Baina osasun arauak bete egin behar dira», esan du Etxegaraik. Neurri zorrotzak hartu dituzte egun horietako egoera kontrolatzeko: tabernak eta jatetxeak 23:00etarako itxi beharko dituzte; saltokietan ez dute edari alkoholdunik salduko 15:00etatik aurrera; ezingo da alkoholik edan kalean; eta ezingo da musikarik jarri kalean, ez zuzenekoa, ez erreproduzitutakoa. Gainera, Owen Lagadec-Iriarte Baionako peñetako lehendakariak adierazi du peñak itxita egongo direla.

Jonathanek suprefetak esan du «ez-festetan» taberna eta jatetxeek ez luketela jendea bildu behar «eskaintza komertzialekin edo zerbitzu bereziekin». Poliziaren presentzia nabarmena izango da: «Talde handi bat egongo da distantzia fisikoa errespetatzen ez duten multzoak elkartzea eragozteko», haren hitzetan. «Kontzientzia eta ardura» eskatu die herritarrei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.