Tafallak eremu mistoan sartzeko eskatu du, PSNren aldeko botoarekin

Elkar hartuta atera dute aurrera mozioa Bilduk, Iniciativa por Tafallak eta PSNk; abstentziora jo dute UPNko kideek

Erredakzioa
Iruñea
2011ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Eremu mistoan sartzeko eskaria egingo dio Tafallako Udalak Nafarroako Gobernuari. Bilduk aurkeztutako mozioari babesa eman diote PSNk eta Iniciativa por Tafalla taldeak; UPN abstenitu egin da. Udalbatzak herenegun onartu zuen adierazpenak eskari bat du: gobernuari eta parlamentuari galdegiten die legea aldatzea Tafallak modua izan dezan eremu mistoan sartzeko. Agiria eskuan, balorazio baikorra egin du Bilduko hautetsi Arturo Goldarazenak: «Bultzada handia izango genuke eremu mistoan sartuta».

Nafarroako Euskararen Legeak 25. urteurrena bete berri du, eta horren karietara egin dute eskaera udalean. Euskara kalean izaten ari den aurrerapenari indarra eman nahi zioten, Goldarazenak azaldu duenez: «Babesa badu euskarak Tafallan. Gutxi erabili da orain arte, horretarako oztopoak baino ez direlako izan». Azken urteetako bilakaerarekin baikor da, eta ikastola jarri du adibide: «Han izan dira matrikula berri gehienak». Nafarroa Oinez jaia Tafallan ospatu dute aurten.

Herritarren nahi eta ezin hori bera adierazi dute mozioan. Euskararen Legeak tafallarren hizkuntz eskubideei eragiten diela azaldu dute; alegia, aurrerapausoak ematea galarazten duela, «nahiz eta herritarrek erakutsi eta adierazi duten prest daudela euskararen alorrean aurrera egiteko». Eremu mistoan egoera hobetuko litzatekeela uste dute.

UPN da indar nagusia Tafallako Udalean: alkatetza dauka, baina gutxiengoan dago udalbatzan. Eremu mistora sartzeko eskarian abstentziora jo zuen. Ez, ordea, mozio osoan. Adierazpenaren lehen puntuak dio euskara badela Tafallako berezko hizkuntza; ezetz esan zuten UPNko hautetsiek. «Argudio ahulak eman zituzten: adierazi zuten euskara ez dela Tafallakoa bertakoa, eta euskararen inguruan dauden betebeharrez hasi ziren hizketan». Gainerakoan abstentziora jo zuten, gaiaz eztabaidatu ez zutela eta.

Udalaren hizkuntz politikarekin kritiko azaldu da Goldarazena: «Erakundeen aldetik ez dago aurrerapenik: kale izendegia ez dago ele bietan, eta argitalpenak ez dituzte beti euskaraz ere egiten. Gainean egon behar dugu».

Sozialisten giltza

Horiek denak aldatuko lirateke eremu mistoan izanez gero, haren hitzetan. Ezeren gainetik, ordea, hezkuntza hartu du ahotan: «Eskola publikoan euskaraz ikasteko modua izango genuke. Aukera berdintasuna izango litzateke».

PSNk mozioaren alde bozkatu zuen udalean, baina ikusi beharko da zer egingo duen Iruñean. UPNren bazkide da gobernuan. Eremuak aldatzeko eztabaidan lehen ere izan dira hausturak: Miguel Sanz presidente zela, UPNk gobernutik bota zituen CDNko bi kontseilariak, eremu mistoa zabaltzearen alde egin zuelako alderdiak parlamentuan. Goldarazenak dio ezin dela jakin zer egingo duen PSNk: «Zain gaude. Bira latzak egiten badaki, eta ikusiko da. Baina kontuan izan behar da gobernuan dagoela UPNrekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.