Iruñeko Administrazio Auzietarako 3. Epaitegiak ezetsi du Espainiako Estatuko abokatuak Tafallako udaletxean ikurrina jartzearen aurka aurkeztutako helegitea. Iazko abuztuaren 14an, jaien hasierarekin, ikurrina zintzilikatu zuten udaletxean, eta epaileak ez du lege iruzurrik ikusten ekintza horretan. Helegitea jar daiteke erabakiaren kontra Nafarroako Auzitegi Nagusian.
Antzeko auzien inguruan hilabetean emandako zortzigarren sententzia da. Administrazio Auzietarako 1. Epaitegiak ez zuen estatuko abokatuaren helegitea aintzat hartu Berriozarreko jaien kasuan, baina 2. Epaitegiak lege iruzurtzat jo zuen ikurrina jartzea Iruñea, Lizarra, Etxarri Aranatz, Oteiza eta Lakuntzako udaletxeetan. Berriozarrekoaren kasuan, helegitea aurkeztu zuen estatuko abokatuak.
Tafallaren kasuan, epaileak azaldu du Ikurren Legeak salbuespen gisa onartzen duela beste bandera batzuk zintzilikatzea beste herrialde, erkidego edo toki administrazio bateko ordezkariak ofizialki gonbidatuak daudenean, horiekiko adeitasun keinu gisa.
Epaileak gogorarazi du Tafallako alkateak gonbidapenak luzatu zizkiela Eusko Legebiltzarreko hiru parlamentariri, eta bik onartu zutela. Ez dator bat estatuko abokatuarekin, eta nabarmendu du bisita ofiziala egin zutela.