Joan den asteazkenean Tafallako (Nafarroa) zezenketan zauritutako 10 urteko mutikoak hobera egin du, eta jada atera dute ZIU Zainketa Intentsiboen Unitatetik. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, umeak Nafarroako Ospitaletegian jarraitzen du, baina gela arrun batean.
Tafallako festetan errekortarien lehiaketa egiten ari zirela, Quesero izeneko 500 kilo inguruko zezenak harmailetara salto egin zuen, jendearen artera. Aztoratuta, batera eta bestera ibili zen hainbat minutuz, eta 40 lagunetik gora zauritu ziren: batzuek zezenak azpian hartu edo jota, eta gehienak ihesean amildu edo jendeak harrapatuta.
Nolanahi ere, hiru izan ziren erietxean ingresatu behar izan zituzten zaurituak: zapalketagatik traumatismo abdominal larria zuen 10 urteko mutikoa, orno bat zapalduta zeukan 23 urteko neska eta bizkarrean adarkada zuen 47 urteko gizonezkoa. Beste biak jada jasoa dute senda-agiria, eta mutikoa da erietxean jarraitzen duen bakarra.
Gizartea
Tafallako zezenketan zauritutako 10 urteko mutikoa atera dute ZIUtik
Bera da ezbeharrean zauritu ziren 40tik gora lagunetik erietxean segitzen duen bakarra. Zezen batek harmailetara salto egin zuen joan den asteazkenean Tafallako zezen-plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu