Prest dago dena. Tafallako Garces de los Fayos ikastolako kideek prestatu duten ibilbidea hartuko duten euskaltzaleak baino ez dira falta, Nafarroa Oinez bestaren 31. ekitaldia martxan jartzeko. Igandean eginen dute, Hamaika 11n lelopean.
Arduradunek urte osoan jaso duten babesa espero dute igandean ere, urriaren 16an. Nafarroa Oinez duela hamabi hilabete jarri baitzen martxan. Egindako lanaren emaitzak jasotzeko ordua da orain. Jasotako dirua nora bideratu argi dute ikastolako kideek. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eraikin berria egin nahi dute, oraingoa txiki gelditu baitzaie zentroan ikasten duten ia 400 ikasleentzat.
«Ikastolako espazio guztia gelak jartzeko erabiltzen ari gara. Urteak dira irakasleontzat gelarik ez dugula. Hainbat pasabide ere itxi egin behar izan dugu, gelak egiteko. Ez gara sartzen. Ez da eskolak emateko modu egokia», azaldu du Rexu Urrutiak, ikastolako zuzendariak. Tafallako Udalak eraikin berria egiteko orubea eman dio jada ikastolari, eta zentroko arduradunek espero dute hurrengo ikasturterako prest izatea. 3,2 milioi euroko aurrekontua du obrak.
Aurrekontu horren ahalik eta zatirik handiena jaso nahi dute Garces de los Fayos ikastolako kideek igandean. Horretarako, ekitaldiz betetako bost guneko ibilbidea prestatu dute, Tafallara joanen diren milaka euskaltzaleek zer egin, zer ikusi, zer jan eta zer edan izan dezaten. 2.000 pertsonatik goiti ariko dira Nafarroa Oinez bestaren egunean lanean.
Igandean Tafalla geltoki izanen duten hamaika pertsona horientzat gomendio argia du Garces de los Fayos ikastolako gurasoen kooperatibako presidente Javier Martinezek: «Jendeak erabil dezala garraio publikoa». Renfek zerbitzu bereziak jarriko ditu Tafallara Irundik, Tuteratik, Gasteiztik eta Iruñetik joateko. Tafallesa autobus etxea, halaber, egun osoan ariko da Iruñetik Tafallara joan-etorrian. «Autobusez etorri nahi duenak har dezala txartela ostiralerako, ahal dela», eskatu du Martinezek.
Espero dituzten milaka bisitarien artean Nafarroako Gobernuko ordezkaririk ere izanen dela espero dute Tafallan. «Gonbita egin, eta norbait joanen da, erran digutenez», azaldu du Urrutiak. Tafallako UPNko alkate Cristina Sotak, halaber, parte hartuko du.
«Pozten gaitu politikariak etortzeak. Ikus dezatela egoera,eta egin dezatela haien esku dagoena», erran du Martinezek. Tafallakoa eremu erdalduneko ikastola dela gogoratu du, eta zentro horrek egiten duela administrazioak egin beharko lukeen lana.
Garces de los Fayos ikastolak Zizur Txikiko San Fermin ikastolari emanen dio lekukoa, 2012ko Nafarroa Oinez antola dezan.
Tafallan milaka euskaltzaleren zain dira igandean Oinez besta ospatzeko
DBHrako eraikin berria egiteko dirua biltzea dute helburu Garces de los Fayos ikastolako arduradunek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu