Atxiloketak

"Talde armatuari laguntzea, desobedientzia eta Espainia laidotzea" leporatzen die Garzonek Petrikorena, Balda eta Iñigo atxilotuei

Abuztuaren 10ean `No apartheid. Autodeterminazioa' lelopean Donostian egin zen manifestazioa Batasunak antolatu zuela dio Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta horregatik agindu du Juan Joxe Petrikorena mahaikidea, Iñigo Balda zinegotzi ohia eta Ainhoa Iñigo ekitaldirako baimena eskatu zuen herritarra atxilo ditzaten. Izan ere, hiru lagun horiek Batasunaren jardunak eteteko eman zuen ebazpen judiziala hautsi dutela iritzi dio Garzonek: "talde armatuari laguntzea, desobedientzia eta Espainia laidotzea" egotzi die.

2003ko irailaren 16a
17:49
Entzun
Juan Joxe Petrikorena Batasuneko mahaikidea bart gauerdian atxilotu du Espainiako Poliziak, Donostian. Halaber, hiriburu berean Iñigo Balda eta Ainhoa Iñigo atzeman ditu goizaldera.Guztiak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz atxilotu dituzte.

Efe agentziak "iturri juridikoetan" oinarrituta azaldu duenez, Garzonek uste du Iñigo Balda Batasuneko zinegotzi ohia alderdi horrekin ageriko zerikusirik ez zuen pertsona bat topatzeaz arduratu zela manifestaziorako deialdia egin zezan. Hala, Ainhoa Iñigorekin harremanetan jarri bide zen, baimena hark eskatu zezan, eta, bidenabar, "benetako antolatzailea Batasunazela ezkutatzeko".

Garzonek, halaber, Baldak Juan Joxe Petrikorena mahaikidearen babesarekin jokatu zuela uste du.

Ondorioz, "talde armatuari laguntzea", "desobedientzia" —Batasunaren jarduna eteten zuen autoa ez betetzeagatik—, eta "Espainia laidotzea" —manifestazioaren ostean norbaitzuk Espainiako bandera bat erre zutelako— leporatzen die Garzonek atxilotutako hiru lagunei.

Fiskaltzaren eskaera

Abuztuaren 21ean Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak bederatzi laguni inputatu gisa deklaratzera deitzeko eskatu zion auzitegi horretako epaile Juan del Olmori; zehatz-mehatz, "terrorismoa gorestea" eta "bandera iraintzea" leporatu zien Fiskaltzak bederatzi lagun horiei.Petrikorena, Balda eta Iñigo zerrenda horretan zeuden.

Horiez gain, Josetxo Ibazeta, Tasio Erkizia, Anjel Mari Elkano,Miren Gaztañaga,Miren Zinkunegi eta Mikel Aznar"legez kanpo utzitako Batasuna, EH edo HB taldeetako buruzagi ohiak" sartu zituen zerrendan Auzitegi Nazionaleko Jesus Santos fiskalak. Abuztuaren 10eko manifestazioari buruz Ertzaintzak egin zuen atestatuan oinarritu zen fiskala eskera egiteko.

Fiskaltzak6. epaitegiko Juan del Olmori eskatu zion lagun horiek deklaratzera deitzeko, baina Petrikorena, Balda eta Iñigo 5. epaitegiko Baltasar Garzon epailearen aginduz atxilotu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.