Talde Mistoarentzat irtenbide bila ari direla dio Barkosek

Geroa Baiko diputatuak uste du Amaiur Talde Mistoan egoteak kalte egiten diela gainerako kideen eskubideei

Uxue Barkos, atzo, Iruñean eginiko agerraldian. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuko Talde Mistoari irtenbidea bilatzen ari zaio Geroa Bai alderdia. Uxue Barkos diputatuak jakinarazi duenez, Kongresuko Mahaiarekin eta talde parlamentarioekin hizketan aridira, Talde Mistoa osatzen duten kide guztien eskubideak aitortuak izan daitezen. Barkosek prentsaurrekoan esan du Amaiurrek eskubidea duela talde propioa izateko, eta hori Amaiurrentzat ez ezik Talde Mistoko gainerako kideentzat ere onuragarria izango litzatekeela. Bereziki, Kongresuko bilkuretan Talde Mistoko kide denek hitza izan dezaten nahi du Geroa Baik, Barkosen arabera.

Inoizko Talde Mistorik handiena dago legealdi honetan Kongresuan. Zortzi alderditako 18 diputatuk osatzen dute taldea, tartean Hego Euskal Herriko hiru indar daude: Amaiur, Geroa Bai eta UPN. Barkosek uste du Talde Mistoan Amaiur egoteak «kalte» egiten diela gainerako taldeen eskubideei, hitza hartzeko orduan ez dutelako euren burua «ordezkatuta» ikusten.

Talde Mistoaren afera konpontzeko «formulak» egon badaudela eta horiek «alde denak beteko» lituzkeela iritzi dio Barkosek. Formula horiek zeintzuk diren ez du zehaztu Geroa Baikoak, baina lehenago erabili direla azpimarratu du.

Kontrol lana

Legegintzaldi honetan Geroa Baik aurkeztuko dituen hainbat ekimenen berri ere eman du Barkosek. Besteak beste, iragarri du Ekonomia eta Ogasun ministroen agerraldia eskatu duela; lehenak enplegua sortzeko asmoen berri eman ditzan, eta bigarrenak erkidegoen aurrekontuekiko kontrolari buruzko xehetasunak azal ditzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.