Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak uste du Europako Batasuneko Kontuen Ganberak atzo argitara emandako txostenak argi uzten duela estatuek planifikaziorik gabe eraiki dutela AHTa. Europako abiadura handiko trenen lineak «mantsoak, garestiak eta ez-eraginkorrak" direla salatu zuen atzo kontuen ganberak. "Herrialdeen artean gaizki lotutako mosaiko ez-eraginkor bat da sarea, eta ez dauka plan errealistarik epe luzera", adierazi zuen Oskar Herics kontu auzitegiko kide eta txostenaren arduradunak.
Tapiaren ustez, planifikazio falta horren adibide da Atlantikoko ardatza oraindik bukatu gabe egotea. 2010erako martxan egotea zegoen iragarrita. Haren parte da Bilbo, Donostia eta Gasteiz lotuko dituen burdinbidea. Espainia eta Frantzia egin ditu erantzule; batez ere, Parisera begira egin ditu kritikak: esan du ez dutela Atlantikoko ardatza lehenesten eta ez dituztela oraindik Bordele eta Hendaia lotu. "Jaurlaritzak beti esan du lotura horiek ezinbestekoak direla, ez garelako uharte isolatuak".
Kontuen auzitegiaren txostenak auzitan ipini ditu erabiltzaileak ere: uste du euskal Y-an iragarri baino bidaiari gutxiago ibiliko direla. Tapiak ukatu egin du. Esan du ardatzaren parte izango dela, ezin dela zatia bera bakarrik kontuan hartu. Gaineratu du bidaiariak ez ezik salerosgaiak garraiatzeko ere erabiliko dela.
Aitortu du AHTa eraikitzeak gainkostuak izango dituela. %10 ingurukoak izango direla aurreikusi du. Baina esan du Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua "zorroztasunez" ari direla jokatzen. Lanak, gaur egungo martxan jarraituz gero, 2023rako bukatuko direla espero du. Tapiak dagoeneko hitz egin du Jose Luis Abalos Espainiako Sustapen ministro berriarekin, eta aurki bilera bat egingo dute azpiegiturez berba egiteko. Iñigo Urkullu lehendakariak ere hitz egin du AHTaren obrez Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin, astelehenean Moncloa jauregian izandako bileran.