"Inolako daturik gabe" Gipuzkoan enpresarien "ihesi masiboa" gertatzen ari dela aditzera ematea salatu du Larraitz Ugarte Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak. Adierazpen horiek "interesatuak" eta "larriak" direla salatu du Ugartek. "Justifikatzen ari da hemen enpresa batzuk joaten ari direla ezartzen diren zergen ondorioz. Zer gertatzen da, aberatsek ez dituztela zergak ordaindu behar?".
Ugartek adierazi du Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergak ez duela enpresarien ihesirik ekarri, eta argitu du zerga horrek aberatsak zergapetzen dituela, ez enpresariak. Hori dela eta, Tapiaren hitzek "Gipuzkoako errealitatea desitxuratzeko asmoa" dutela adierazi du, eta "kanpaina kutsua" dutela.
Ugartek baieztatu du Gipuzkoak gainontzeko lurraldeek baino egoera hobea bizi duela. Eta zenbait datu eman ditu hori berresteko: "Martxoaren 31ra arte, zerga bilketa metatuan, Gipuzkoan baino ez du gora egin: %2,4 hazi da; Bizkaian %0,5 jaitsi da, eta Araban %6,94". Besteak beste, EPAren azken datuei ere egin die erreferentzia: "Urtebetean langabeziak %2,26 egin du behera Gipuzkoan; Araban 1,18 eta Bizkaian 0,28 hazi da". Gipuzkoa, Bizkai eta Araban Berrikuntzara BPGaren %2,12 bideratzen den bitartean, Gipuzkoa "Alemaniaren pare" egongo dela laster baieztatu du bozeramaileak, %2,71 bideratzen duela eta. Eta horrez gain, defendatu du Gipuzkoa dela "estaldura sozial handiena" duen lurraldea: "Gipuzkoak ez du murrizketa sozialik egin, eta gastu soziala handitu du: 2.400 lagunek jasotzen du Laguntza Pertsonalerako Laguntza Ekonomikoa; %46ko hazkundea izan du 2012tik".
Emaitza horiek langile, enpresari eta politikari "arduratsuen" ahaleginari esker lortzen direla baieztatu du Ugartek, eta lortu badira, Gipuzkoan egon badaudelako dela adierazi du.