Tarta bako urtebetetzea

ETB2 gaur hogei urte sortu zuten, legearen zirrikituak baliatuta, eta erdarazko kateak, berez ETB1en osagarri izan behar zuela esan arren, lekua nabarmen jan dio euskarazko kateari.

IñIGO BILBAO BILBO
2006ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Hogei urte bete ditu gaur ETB2 telebista kateak. Edozein gazte koskorrentzat ahaztu ezineko ospakizuna izan ohi dena ekitaldi nabarmenik gabe beteko du ETBk. Kasik oharkabean heldu eta joango zaie eguna etxeko arduradunei. Patuaren indarra. Sortu ere, hala sortu zuten, 1986ko maiatzean: ustekabean. Eusko Jaurlaritzako orduko agintariek, beste hainbat alditan bezala, euren zerbitzurako baliatu zituzten legearen zirrikituak.

«Klandestinoa baino gehiago, alegala izan zen geure jarduera. Autonomia Estatutuak argi esaten zuen geuk bagenuela geure komunikabideak sortzeko eskubidea. Jaurlaritzak bi edo hiru kate sortzeko eskumena bazuela uste genuen, eta egin egin genuen». Jose Mari Gorordok ez ditu ordukoak ahaztu. Bera zen EITBko zuzendari nagusia eta bere ekimenez sortu zen erdarazko katea, administrazio kontseiluko kideek ere askorik uste ez zutela. «ETB2 sortzeko prozesua agerian egin izan balitz, berehala zapuztuko zuketen».

Ekimena indargabetu nahian, auzitara jo zuen Espainiako Gobernuak, Auzitegi Konstituzionalera.«Hala ere, geuk irabazi genuen». Guardia zibilak ere bidali zituzten, birritan, Iurretako (Bizkaia) estudioetara. Ez zieten sartzen utzi: «Operazioa leiho batetik grabatu genuen. Istilua izan zen, ez genuen amore eman eta, azkenean, katea hor dago. Ez nago damututa, gaur ere berdin jokatuko nuke».

ASMO EZBAITSUAK. Sortze prozesuko kalapitek baino gehiago, asmoek eragin zuten eztabaida: ETB2 zergatik eta zertarako sortu zuten. Gorordok euskararekiko diskriminazio positiboa aipatu du ekimenak zituen helburuak gogoratu dituenean. «Euskara hutsezko kate bat izan nahi genuen, kirola eta umeentzako programak eskainiko zituena; eta bagenuen, bestetik, Espainiako telebistaren (TVE) monopolioari erantzuteko premia. TVEk Espainiako propaganda besterik ez zuen egiten, ideien aldetik batez ere, eta geuk kate bakarra geneukan. Kate bakarra, eta Estatutuari esker gehiago sortzeko ahalmen legala ere bai».

Oroipen bertsuak ditu Bingen Zupiriak, ETBko gaurko zuzendariak. Orduko erabakian esku hartu ez bazuen ere, barru-barrutik ezagutu zuen prozesua. Euskal Telebistako hastapeneko talde profesionaleko kidea izan zen. «Helburuak gogoratzen ditugunean gauza bat ahazten zaigu denoi: hasiera-hasieratik izan dela ETB kate elebiduna».

Helburuak helburu, ETB2ren sorrerak bi asmo izan zituela gogoratu du: «Hizkuntza bakoitzari bere katea ematea, ez zelako erraza bi hizkuntzak kate bakarrean elkarrekin jardutea eta lortzen ez ziren ikusle berriak lortzea kate elebidunaren bidez. ETB proiektu oso bezala hartu nahi izan zen, eskaintza ezberdinen bitartez jende gehiagorengana iristeko».

Ramon Labaienek, baina, bestelako gomutak ditu. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu 1980 eta 1983 bitartean, berari zor zaio Euskal Telebistaren sorrera. «Telebista euskara hutsez izan zen lehenengo programetan. Geroago izan ziren saioak eta presioak erdara sartzeko, baina segituan blokeatu ziren. ETB1 euskara salbatzeko egin zen, ez euskara eta erdararen arteko programak nahas-mahasean emateko. Badakigu horren ondorioa zein izaten den. Euskal Telebista ETB1 izan da, ETB euskalduna. Bestea pikor bat bezala eboluzionatzen ari da ETB1en saihetsean».

IRITZI KONTRAJARRIAK. Bigarren katearen bilakaeraz balantzea egitean ere iritzi kontrajarriak ageri dira. Labaienek dudarik ez dauka. Telebista kate batek ez du bestearekin zer ikusirik, eta erakunde bana sortu beharko dira biak kudeatzeko. «Bestela, ETB2k ito egingo du ETB1, kalean erdarak euskara itotzen duen modu berean».

Sailburu ohiaren esanetan, sorrerako xedeak berreskuratu behar ditu ETBk. «Ahalik eta programaziorik erakargarriena egin behar du, euskararen normalizazioa bultzatzen jarraitzeko eta Euskal Herri osoari -hego zein iparraldeari- kohesioa emateko. Hori egiteko, diru gehiago behar da, eta gastatu egin beharko da diru hori guztia. Guk, lehenengo Jaurlaritzan, hori argi geneukan; ezin ginen zuhurkerian hasi euskararekin».

Zupiriak hori baino ikuspegi baikorragoa du zuzentzen duen etxeaz. «Lortu dugu hizkuntza bakoitzak bere katea edukitzea, bere nortasuna edukitzea eta publiko ezberdinengana heltzea. Dudarik ez dago bi kate dauzkagunez gero askoz ere herritar gehiagorengana iristen garela».

ETB barrutik ezagutu dutenek ez diote beldurrik aro digitalari. Zer ekarriko duen oraindik argi ez dagoela esan du Zupiriak. Merkatuan izango duen eragina ere lasai ikusiko beharko dela uste du. «Badirudi kateak ugaldu egingo direla eta hori, beharbada, eragozpena izango da euskaraz egiten den katearentzat».

Hori kontuan hartuta, aukera digitalean ETBk egingo duen eskaintza berritik erdia gutxienez euskaraz izan beharko duela esan du. «Bi kate berri sortuko badira, bat euskaraz izan beharko du. Ez dakidana da kate berri hori orain dagoenarekin lehian jarri behar dugun, edo ez ote lituzken hartu behar ETB1ek, lehiakorra izan nahi duelako, betetzen edo asebetetzen ez dituen esparruak». Asmo komertzial bako eremu horiek kultura eta dibulgazioa izan daitezke, Zupiriaren beraren berbetan.

Gorordok ere euskara hutsezko beste kate bat behar dela uste du. «Urteotan egin diren programarik onenak berreskuratuz osatutako katea izan daiteke. Argi daukatdagoen lehia kontuan hartuta ezinbestekoa izango dela euskarazko kate berria sortzea».

Labaienek dio beldur gutxien digitalizazioari. «Gure garaian oso zaila eta garestia zen telebista bat egitea. Digitalizazioak, berriz, erraztasunak emango dizkio euskarari. Borondatea baldin badaukagu, noski, euskarari erraztasunak emateko. Nik arazo bat ikusten dut hor: botere publikoak sinesten al du benetan euskarak duen garrantzian? Ba al du hauentzat orain dela 25 edo 30 urte guretzat izan zuen lehentasuna?».

«Euskara hutsezko kate bat izan nahi genuen, kirola eta umeentzako programak eskainiko zituena»

jose mari gorordoEITBko zuzendari nagusia ETB2 sortu zenean«Helburuak gogoratzen ditugunean gauza bat ahazten zaigu: hasieratik izan dela ETB elebiduna»

bingen zupiriaETBko gaur egungo zuzendaria«ETB ETB1 izan da, ETB euskalduna. Bestea pikor bat bezala eboluzionatzen ari da ETB1en saihetsean»

ramon labaienEusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia
Inkesta

Zer balorazio egiten duzu ETB2ren ibilbideaz?

«ETB2k kalitateko produkzioa eskaintzen du gaur egun»
joseba gardeozabalPausokako administratzailea«Hasi ginenetik gaur arte, izugarrizko aldaketak izan dira. Telebistak teknologia berrietara egokitu behar izan du, eta, gaur egun, kalitateko produkzioa eskaintzen du, oso aurrekontu txikia izan arren. Estatuko kateekin lehiatu behar du, gu baino baliabide gehiago dituztenekin; hala eta guztiz ere, horiekin lehiatzeko gai da. Dena dela, galdera egin beharko genuke: nola lehiatu nahi dugu? Nire ustez, ezgauza bera eginez. Hor dugu, esaterako, Vaya Semanita-ren kasua. Baliabide gutxirekin, programa ona egiteko gai izan gara»

«Osagarri gisa sortu zena, orain ardatza da»
josu amezagaEHUko irakaslea«Osagarri gisa sortu zena, orain ETB2 ETBren ardatza bilakatu da. Beraz, hasierako egoera, 20 urte geroago, irauli egin da. ETBren helburuak hizkuntzaren normalizazioa eta gizartearen integrazioa dira. ETB2k bigarren funtzioari heldu dio, eta horrek esan nahi du euskaldunon integrazioa gaztelaniazko katearen bitartez bilatzen dela. Euskara ez da existitzen ETB2n. Euskara ez erabiltzeaz gain, ez da euskarazko munduaren berri ematen. Hizkuntzaren normalizazioan, gaztelaniaz ere badago zeregina, baina, ez da egiten».

«ETB2k markatzen du etxe osoaren politika»
edorta aranaEHUko irakaslea«ETB2k markatzen du etxe osoaren politika orokorra. Helburuak eta plan estrategikoak gaztelaniazko telebistagintzaren arabera diseinatzen dira. ETB2 lehiakortasunaren joko eremuan kokatzen dute; ETB1 hortik kanpo dago erabat. Horretan aritzeko legitimazioa kendu diote, ETB2 indartu den heinean. ETB2 ez da Estatuko telebista kanaletatik gehiegi bereizten. Lehen mailako taldeekin aritzen da lehian, eta horretarako besteen tresna berberak erabiltzen ditu, hala nola programazio generoak eta prime-time-aren garrantzi ikaragarria»

«Ez dira tresna guztiak erabili euskararen normalizazioan»
julio ibarraETB2ko kazetari ohia«Nik uste beharrezkoa zela bigarren katea erdaraz izatea, gure gizartearen errealitatea kontuan hartuta. Deia-k eta Egin-ek edota Gara-k ere gaztelania erabiltzen dute informazioa haienaudientziei helarazteko.Dena dela, segur aski ez da ondo erabili bigarren kanal hori ETB1 bultzatzeko, edo behintzat, ez dira tresna guztiak erabili hizkuntzaren normalizazioaren bidean.Erdarazko kateak lagundu egin beharko luke audientzia euskarazko katera bideratzeko. ETB2k ezin du inolaz ere konpetentziarik sortu ETB1ekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.