Euskaldun sentitzen dira arabarren bi herenak, nahiz eta euskaraz dakitenak %17 eskas diren. Hogei urtean hirukoiztu egin da elebidunen kopurua Araban, baina Euskal Herriko batez bestekoa baino elebidun portzentaje txikiagoa du oraindik —%27 dira euskaldunak Euskal Herrian—. V. Inkesta Soziolinguistikoak utzitako datuetako batzuk dira. Elebidunen hazkundea belaunaldi gazteenetan nabaritzen da gehien: 16 eta 24 urte artekoen ia erdiak dira euskaldunak. Baina gehienek ingurune erdalduna dute, eta gaztelania dute lehen hizkuntza. Horrek eragiten du gazteen herenek erdaraz egitea nagusiki eta euskara noizbehinka erabiltzea; euskaldunagoak dira Arabako gazteak —eta beraz Araba—, baina tarteka.
1. Ezagutza
Duela hogei urte baino euskaldun gehiago daude Araban, baina ezagutzaren hedapena moteldu egin da azken hamarkadan. 1991n 15.600 inguru ziren elebidunak (arabarren %7); hamar urte geroago, 33.000 (%13,4). Hamar urtean sei puntu egin zuen gora ezagutzak; 2001etik, hiru puntu —46.000 euskaldun dira Araban—. Hazkundeak hazkunde, %66 erdaldun huts dira oraindik —1991n %85 ziren—. Euskara zerbait ulertu baina erabiltzen ez dutenak, berriz, %16 dira. Gasteiz hiriburuan antzekoak dira datuak.
Gazteak eta euskaldun berriak izan dira ezagutza hedatzearen arduradun. Gaur egun, 16 eta 24 urte arteko gazteen %47 elebidunak dira, eta %30,3 elebidun hartzaileak; %23,5 baino ez dira erdaldun hutsak. Belaunaldi zaharren aldean, aldaketa handia da: 64 urtez gorakoen %91,5 dira erdaldun elebakarrak.
Progresiboa izan da aldaketa; belaunaldi gazteenak euskalduntzen ari badira ere, ez dute euskaraz egiteko erraztasunik; %4 baino ez dira euskara lehen hizkuntza dutenak, eta %8, euskara eta gaztelania lehen hizkuntza dutenak; gazte euskaldunen artean, %70ek erdara dute lehen hizkuntza; 64 urtez gorakoen artean, berriz, %94k dute gaztelania lehen hizkuntzatzat. Euskaraz egiteko erraztasunari eta gaitasunari eragiten dio horrek. Bestalde, arabar guztien %12 dira euskaldun berriak, eta %2,6 euskaldun zaharrak.
2. Erabilera
Euskararen ezagutzaren datuek erakusten dute erabileraren zer-nolakoa. Euskaraz gaztelaniaz baino gehiago edo gaztelaniaz bezainbeste egiten dutenak ehunetik lau dira Araban —1991n 0,5 baino ez ziren—. Hiriburuan apalagoa da euskaraz egiten dutenen ehunekoa: 2,8. Arabarren ia %14k tarteka zerbait egiten dute euskaraz; duela hogei urteko datuaren bikoitza da hori. Erdara hutsez egiten dutenak, berriz, %92tik %82ra gutxitu dira hogei urtean.
Gazte gehiagok dakite euskaraz, baina erabiltzen dutenen portzentajea txikienetakoa da, belaunaldiak alderatuz gero. 35 urtez azpikoen %7 inguruk erabiltzen dute euskara noiz edo noiz; helduagoen artean, %4koa da euskararen erabilera. Nahiz eta helduek baino gehiago erabiltzen duten gazteek, ezagutzaren hedapen hutsak ez du ekarri erabilera hein berean handitzea.
Hori bai, erdara bakarrik erabiltzen duten gazteak gutxiago dira (hamarretik sei). 25 eta 34 urte artekoen %73k gaztelaniaz bakarrik egiten dute; edadetuagoen artean, gaztelaniaz bakarrik egiten dutenen portzentajea %80tik gorakoa da, zenbat eta zaharrago euskara gutxiago egiten dutela. Datu nabarmen bat: 25 urtez azpikoen %36k erdaraz baino gutxiago egiten dute euskaraz. Belaunaldi gero eta euskaldunagoak dira, beraz, Araban, baina euskara tarteka baino erabiltzen ez dutenak. Zaharragoek, aldiz, ia erabat gaztelaniaz egiten dute.
Euskaldunek seme-alabekin erabiltzen dute euskara gehien; ikaskideen artean, berriz, euskaldun bitik batek erabiltzen du. Erabilera altuak dira Arabako batez bestekoarentzat. Alderatzeko: elebidunen %11k erabiltzen dute euskara etxean, eta %12k bikotekidearekin; neba-arrebekin %16k erabiltzen dute, lagunekin %23k, eta lankideekin %33k. Administrazio publikoarekin, lau elebidunetik batek erabiltzen du euskara. Elebidunek, beraz, eremu formalean gehiago erabiltzen dute euskara, eta etxean portzentaje txikiagoan.
3. Jarrerak
Euskara sustatzearen alde edo oso alde dago bi arabarretik bat; aldekotasuna bost puntu igo da hogei urtean; aurkakotasuna, berriz, sei puntu jaitsi. Gasteizen ere herrialdeko antzeko joerak dituzte, baina nabarmentzekoa da lau gasteiztarretik bat euskara sustatzeko politiken aurka edo oso aurka dagoela. «Bertakoa» izateko, gainera, euskaraz jakin behar dela ukatzen dute hirutik ia bi arabarrek (%61).
Araban euskararen ezagutza %17koa eta erabilera %4koa izanik, euskara arriskuan dagoela ukatzen dute arabar gehienek: %73k. Sentitu ere, %63 sentitzen dira «guztiz» euskaldun, nahiz gehienek euskararik jakin ez. Euskara arriskuan sumatzen dutenak, berriz, %16 dira.
Hala ere, administrazioan lan egiteko euskara jakin behar litzatekeela pentsatzen dute hamarretik seik, eta gazteek euskara ikastea «ezinbestekoa» dela uste dute %73k. Beren seme-alabek D ereduaren antzeko batean ikastea nahi dute erdiek; %32k, berriz, B ereduaren antzeko baten alde egiten dute. Nolanahi ere, hirutik batek uste du hobea dela ingelesa ikastea euskara ikastea baino. Hizkuntza politikak egokitzat jotzen dituzte arabarren erdiek;%20k uste dute «gutxi» egin dela.
Euskararen bilakaera, 1991-2011 (I). Araba
Tarteka, euskaldunago
Euskal Herriko batez bestekoaren azpitik segitzen duten arren, elebidunak hirukoiztu egin dira Araban 1991tik; orain, %16,8 diraGazteen ia erdiak euskaldunak dira, baina %7 soilik aritzen dira euskaraz normalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu