2008ko abenduaren 21ean, Jose Miguel Beñaran Argala hil zutela 30 urte igaro zirela oroitu zuten Arrigorriagan (Bizkaia). Ekitaldi hartan hizlari aritu izanagatik, urtebeteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak Tasio Erkizia ezker abertzaleko kideari. Zazpi urteko inhabilitazioa ere ezarri zion auzitegiak. Zigorra berretsi du Auzitegi Konstituzionalak.
Auzitegiak azaldu du zigorrak ez duela adierazpen askatatsuna urratzen, epaia ez delako "ideia edo jarrera politikoen aurkakoa". Gogorarazi du adierazpen askatasunak "mugak" dituela, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren arabera adierazpen batzuk zigortzea "justifikatua" dagoela, adierazpenak "segurtasun nazionalaren, lurralde batasunaren edo segurtasun publikoaren" aurkakoak direnean.
Argala omentzeko ekitaldian Erkiziak izan zuen jarrera "nazionalismo oldarkorrean" eta "intolerantzian" oinarritu zela ebatzi du Auzitegi Konstituzionalak, eta berretsi egin du Auzitegi Nazionalaren epaia.