Ziega batean, biluzik, makurtuta eta buruan kaputxa duela agertzen den gizon baten irudiarekin hasten da TATek egindako bideoa; Unai Romano, Susana Atxaerandio eta Garikoitz Urizar agertzen dira ondoren, eta jasandako torturen lekukotasun labur bat ematen dute gaztelaniazko bideoan Oskar Bizkaik hitz egiten du Urizarren ordez; amaitzeko, TATek deituta, 2002ko ekainaren 8an Bilbon egindako manifestazioaren irudi bat agertzen da. «Ez da gutxi batzuen arazoa. Tortura gizartearen gaitza da, guztion ardura da», dio ahots batek bideoaren amaieran.
TATeko ordezkari Izaskun Gonzalezek azaldu zuenez, «duela urte eta erdi Eusko Jaurlaritzak biktimen inguruan dinamika bat abian jarri izanak» bultzatu ditu torturen aurkako bideoa egitera: «Gure asmoa da Euskal Herrian beste errealitate bat ere badagoela erakustea, badaudela beste biktima batzuk ere, jende asko dagoela min izugarria sufritzen ari dena». Xede horrekin, bilera egin zuten asteazkenean Txema Urkijo Giza Eskubideetarako zuzendariarekin, eta hari azaldu zioten TATen helburua. Urkijok adierazi zien Eusko Jaurlaritzak ez duela bideo horren edukia bere egingo. «Errealitate bati islarik ez ematea erabaki dute; eta kontuan izan behar da milaka direla tortura salaketak. 2002an 127 izan ziren, eta 89 salaketa jarri ziren 2003an. Tortura sistematikoa da, eta Euskal Herrian ari diren polizia guztiek erabiltzen dute: bai Guardia Zibilak, bai Espainiako Poliziak, bai Ertzaintzak. Iaz Frantziako Poliziak torturatu egin zituela salatu zuten lau lagunek ere».
«Soilik zantzuak badaude»
Susana Atxaerandiok, zeinak 2002ko urtarrilean Guardia Zibilaren eskuetatik pasatu eta torturak salatu zituen, Urkijorekin izandako bileraz hitz egin zuen. «Torturak pairatu dituen pertsona naizen aldetik, oso sentimendu txarrarekin atera nintzen bilera hartatik. Izan ere, esan zigun Eusko Jaurlaritzak ez duela ezer egingo tortura kasuekin. Salbuespen bat aipatu zuen, eta horrek min egin zigun bai niri eta bai Unairi [Romano], bileran nirekin baitzegoen. Esan zigun zantzu argiak daudenean, Unairen kasuan bezala, Jaurlaritzak babesa emango duela eta jarraipen judiziala egingo duela, baina zantzurik ez badago, nire kasuan bezala, ez dutela ezer egingo». Atxaerandiok gogor salatu zuen Urkijok esandakoa, eta gogoratu zuen Romanoren kasuan geratutako zauriak eta zantzuak oso gutxitan agertzen direla: «Gehienetan ez dute zantzurik uzten, ez fisikoa behintzat».
Torturatuek sentitzen dutenaz eta gizartea horri buruz konturatzeko beharraz hitz egin zuen Atxaerandiok: «Sentitzen dugun inpotentzia oso handia da. Noiz egingo du inork ezer hau guztia gelditzeko? Jende askok pairatu du gauza bera, eta hainbestetan aipatzen den giza eskubideen urraketa ikaragarria da, Poliziak egiten baitu; polizia etxeak eskaintzen duen inpunitate eremu, denbora eta espazio batean». Hala, Izaskun Gonzalezek bideoaren mezua gizarteratu beharraz jardun zuen. «Behintzat, jendeak jakin dezala polizia etxeetan zer gertatzen den, garrantzitsua baita torturaren gaia gizarteratzea eta horren gainean egotea, errealitatea gordina delako eta Terrorismoaren Aurkako Legea aplikatzen zaien bitartean tortura baimendua izango delako eta sistematikoa izango delako», esan zuen TATeko kideak.
-
ZUTIK ETA BATASUNA
Donostiara deitu dute, torturari aurre egiteko
Batasunak, astelehenean egindako agerraldiaren haritik, gaur Donostian egingo den manifestazioan parte hartzera deitu du. «Milaka euskal herritar izan garelako torturatuak, eta torturak bere hartan jarraitzen dutelako», dio atzo igorritako prentsa oharrak. Zutik alderdiak ere manifestazioan parte hartzera deitu du euskal gizartea. «Salbuespenezko legeek eta borondate politiko ezak tortura eguneroko egiten baitu», dio Zutik-ek.
Bestalde, asteleheneko prentsaurrekoaren ostean Carlos Urkijo Espainiak EAEn duen ordezkariak egindakoa ere salatu zuen Batasunak. Izan ere, HBko mahaikide ohi Itziar Aizpuruak torturari buruz esandakoak delitu izan daitezkeelakoan, Urkijok Donostiako Auzitegiko Fiskaltzari igorri dizkio haren adierazpenak. «Bide horretatik, Urkijok epe laburrean gaindituko ditu kargu horretan aurretik egondako guztiak», dio Batasunak.