Hispanitatearen Eguna ospatzeko, Guardia Zibilak ekitaldi bat antolatu zuen ostiralean Rincon de la Victoria herrian. Público egunkariak argitaratu duenez, bertan hartu zuen parte Antonio Tejero Molina Guardia Zibileko koronel ohiak, 1981eko otsailaren 23an estatu kolpea ematen saiatzeagatik ezagun egin zenak.
Kolpe saiotik bi urtera, 30 urteko zigorra ezarri zioten Tejerori. Hirugarren gradua eman zioten 1993an, eta baldintzapean aske gelditu zen 1996an.
Haren presentziarekin kexu azaldu da Unidos Podemos talde parlamentarioa, eta galdera bat erregistratu du Espainiako Kongresuan, argitzeko Tejeroren gonbidapena "bide instituzionalen" bitartez egin ote zen. Gainera, azalpenak eskatu dizkio Espainiako Barne Ministerioari.
Tejerorena ez da izan azken egunetan polemika eragin duen parte hartze bakarra. Antonio Gonzalez PachecoBilly el Niño polizia frankista Espainiako Poliziaren Eguneko ospakizunetan izan zen urriaren 4an, Ciudad Linealeko polizia etxean. Hura gonbidatu zuenari diziplina espedientea zabaldu zioten.