Hamabigarren urtez, Maiatzaren 10a Telebistarik Ikusi Gabe kanpaina antolatu dute hainbat kontsumitzaile eta ikusle elkartek; tartean Nafarroako Gazteluko Plaza hedabideen erabiltzaile elkarteak. Telebistak gizartean eta belaunaldi gazteengan duen eragin eta botereaz ohartarazi nahi dute, eta gaur 24 orduz telebista ikusteari uzteko eskatu nahi diete herritarrei, “kalitatezko telebista- ren alde eta telezaborraren aurka”.
Kanpainaren sustatzaileek ohartarazi dute Espainiako Estatuan bizi diren ikusleak beste leku batzuetakoak baino babesgabeago daudela, “ez baitago zigortzeko ahalmena duen ikus-entzunezko agintaritzarik”. Halako erakunde bat eskatzen ari dira azkeneko hamabost urteetan. Ikus-entzunezko kontseiluak badira inguruko herrialdeetan, Frantzian, Italian, Ingalaterran, Irlandan, Herbehereetan, Portugalen, Grezian eta Turkian. “Espainian premiazkoa da zigortzeko boterea duen halako erakunde independente bat sortzea”, dio Gazteluko Plaza elkarteak.
Telebistarako proposamenak
Hainbat alorretan eskakizunak egin nahi ditu Nafarroako ikusle elkarteak. Hasteko, zerbitzu publikoa emango duen telebista baten aldeko aldarria egin dute: “Telebista publikoak bere komunitateko kulturatik gertu egon beharko luke. Eta independentea izan botere alderdikoi eta mediatikoetatik. Ekonomikoki kontrolatzeko modukoa izan beharko luke, herritarren zerbitzura eta ez boterearen mesedetan”. Salbuespentzat jotzen dute noizean behin La2 katean eta ordutegi txarrenetan programazio duina egotea. Dena den, egun telebista publikoak ez du betetzen bere helburua: informatzea, formatzea eta dibertitzea. Bihotzeko kronikari eta kronika beltzari TVEn eskaintzen zaizkion orduak gehiegizkoak iruditzen zaizkio Nafarroako elkarteari.
Nabarmentzen duten beste alor bat umeen babes ordutegia da. “Haur programazioa arratsaldeko ordutegian eman beharko litzateke, haren ordutegi naturala baita”. Izan ere, haurrentzako saiorik ez dago arratsaldeetan kate pribatu eta publikoetan. Aditu independenteen batzarrak sortzea proposatzen dute, programazio egokiak diseina ditzaten; “adingabeengan eragina izan dezaketen edukiak galaraziz eta, adibidez, indarkeriaz betetako film aurrerapenak debekatuz”. Kateek 1993. eta 2004. urteetan sinatutako babes kodeek ez dute aldaketarik ekarri alor horretan. Kanpainaren sustatzaileek beharrezkoa ikusten dute eduki baikorrak lehenestea, “balio etiko, estetiko eta elkartasunezkoak zabalduko dituztenak”. Horrez gain, kultur sustraien, historiaren, hizkuntzaren, literaturaren, naturaren eta zientziaren ezagutzarako maitasuna bultzatzeko eskatzen dute.
Zinema eskaintzaren politika aldatzeko eskatzen du elkarteak. “Zinema ezagutzen eta errespetatzen duten profesionalak egon behar dira zinema programazioaren atzetik, kalitatezko zikloak ematearekin batera”. Filmak jatorrizko bertsioan ordutegi onetan emateko ere eskatzen dute.
Telezaborra kate guztietan dagoela salatu dute kanpainaren ordezkariek, haurrak babesteko orduak barne. “Belaunaldi berrietan halako edukiek eragin kaltegarria dute: sen makurrenen goratzea, intimitateari erasotzea eta kamera ezkutuen erabilera”. Telezaborrak kontrakultura bat zabaltzen duela uste dute, zeina arrunkerian erortzen den eta gizarte faltsu eta manipulatu baten erakusleihoa den.
komunikabideak
Telebistarik gabeko eguna antolatu dute gaurko hainbat elkartek
Hedabide horrek gizartean eta belaunaldi gazteengan duen eragin eta botereaz ohartarazi nahi dute. "Kalitatezko telebistaren alde eta telezaborraren aurka" daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu