Telefono dei baten esperoan

Maider Arostegi alegiarra Etiopian dago, eta azaroaren 3an hitz egin zuen sendiarekin azkenengo aldiz, herrialdean gatazka piztu aurretik; geroztik ez da haren berririk iritsi.

Maider Arostegi, ume etiopiar batekin, Wukron (Etiopia). BERRIA.
gotzon hermosilla
2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Egun konplikatuak izaten ari dira Maider Arostegiren senide eta lagunentzat. Alegiako (Gipuzkoa) 42 urteko kooperantea da Arostegi; Wukro hirian (Etiopia) dago lankidetza proiektu bat garatzen, eta hilabete bat igaro da gertukoek azkenengoz haren berri izan zutenetik: azaroaren 3an telefonoz hitz egin zuen nebarekin, Haritz Arostegirekin, eta geroztik ezinezkoa izan da harekin harremanetan jartzea. Hedabideei gertatutakoa azaltzen eta albiste baten esperoan «telefonoari itsatsita» eman ditu azken orduak Haritz Arostegik. Ez da kexu, ordea: «Han okerrago ibiliko dira», azaldu du.

Abuztuaren 22an joan zen Arostegi Wukrora, urritasun psikikoak dituzten haurrei laguntzeko lankidetza programa batean aritzera urtebetez. Besteak beste, eskola bat eraiki behar zuten han. Ez da lehenengo aldia, nebak azaldu duenez: «Pandemiaren kontu hau hasi baino hamabost bat egun lehenago joan zen, martxoan, eta bost hilabetez egon zen, uztailaren bukaerara arte. Eta aurretik ere inoiz oporraldia han egin du».

Egonaldi horietan inoiz suertatu zaio arazoren bat izatea, «tentsio momentuak, poliziak pasaportea eskatzea eta abar», baina ezer larririk ez. Oraingoa, aldiz, oso bestelakoa da, «gerra egoera» lehertu baita Etiopian: «Horrelakorik bizitzea ez zaio inoiz suertatu».

Azaroaren 3an azkenengo aldiz telefonoz hitz egin zutenean, neba-arrebek herrialdearen egoera politikoa izan zuten hizpide: «Esan zidan irailean hauteskundeak egitekoak zirela, baina, antza denez, Tigray eskualdean [han dago Wukro] ez zeuden ados bozak egiteko moduarekin, eta hango gobernuak hauteskunde propioak antolatu zituen. Halaber, kontatu zidan hango kantautore bat [Hachalu Hundessa] hil egin zutela eta hori zela-eta manifestazioak eta atxiloketak egon zirela». Edonola ere, ez zion nebarikezkarik adierazi bere egoeraz.

Elkarrizketa izan eta gutxira, egoera are gehiago okertu zen. Biharamunean, Etiopiako Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen eskualdean, eta Abiy Ahmed lehen ministroak hiru aste iraun duen operazio milita bat abiarazi zuen. Geroztik ez dute Arostegiren berririk izan.

Lasai egoteko mezuak

Haritz Arostegik ez dio etsipenari lekurik egin nahi: «Guk pentsatu nahi dugu ongi egongo dela, lanean, eta gurekin harremanetan jartzeko arazoak dituela komunikazioak eten egin dituztelako». Espainiak Addis Abeban duen enbaxadak ere lasaitasun mezuak eman dizkio familiari: «Esan digute lasai egoteko, eta, atzerritarra eta zuria izanda, eta boluntario gisa joan dela kontuan hartuta, ez duela inolako errepresaliarik jasotzeko arriskurik».

Baina bitartean albisterik ez da iristen, eta Maider Arostegiren gertukoek segitzen dute telefono dei baten esperoan. «Hainbeste denbora egotea haren berririk gabe, eta ikusita han gatazka dagoela eta Maider dagoen hirian bonbardaketak egon direla, kezkatzeko modua da», azaldu du Haritz Arostegik. Gainera, eskualde pobrea da Tigray, eta gosete handia dago: «Kontuan hartu behar da Etiopia oso herrialde pobrea dela eta beste herrialdeen laguntzetatik bizi dela, hango elikadura azpiegiturak oso eskasak direlako».

Etiopiako Gobernuak bukatutzat eman du Tigrayren kontrako erasoaldia, eta, dioenez, egoera normala da orain, baina Haritz Arostegik ez du ulertzen zergatik, hori hala bada, oraindik ere etenda dauden komunikazioak eskualdearekin.

«Europako enbaxadak presioa egiten ari dira denak elkarrekin bertako gobernuari», azaldu du Arostegik. «Komunikazioak berriro ezar ditzatela eta utz dezatela laguntza hara iristen. Gatazka bukatuta baldin badago, haiek dioten moduan, ez da normala komunikazioak oraindik berrezarri gabe egotea, edo Gurutze Gorria eskualdera ez iristea. Batek daki hiru aste horietan zer gertatu den han», gehitu du.

Eusko Jaurlaritzak BERRIAri baieztatu dionez, Lehendakaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza familiarekin harremanetan jarri da, eta elkarlanean ari da Espainiako Atzerriko Ministerioarekin eta Espainiako enbaxadarekin; Europako Batasuneko herrialdeek Etiopian dituzten enbaxadak ere elkarrekin ari dira lanean, Arostegi eta gainerako europarrak non eta nola dauden lokalizatu nahian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.