Ikastolen ikasturte hasiera

Tellitu: "Gizarte eraldaketari ere herri gisa erantzutea dagokigu"

Bernat Etxepare lizeoari eraikin bat gehitu diote, eta Akitania eskualdeak diruztatu du osoki. Seaskako ibilbidean parte hartu dutenek lizeo berrian eman diote hasiera ikasturteari, hautetsi eta ordezkariekin batera.

Koldo Tellitu eta Paxkal Indo, ikasturte hasierako ekitaldian. IKASTOLEN ELKARTEA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2019ko irailaren 28a
19:31
Entzun

Gaur estreinatu dute Seaskaren parte den Bernat Etxepare lizeoko eraikin berria. Ikasturteari hasiera emateko ekitaldia ere egin du federazioak, eta, aurten 50 urte bete dituenez, omenaldia egin diete Seaskaren ibilbidean parte hartu dutenei.

Duela hiru urte hasi ziren Ipar Euskal Herriko ikasleak Bernat Etxepare lizeoko eraikin berrian ikasten. Azken bi urte hauetan, ikasle kopuruak gora egin du nabarmen: 270 ikasle ziren eta 376 ikasle dira orain. Horretarako, hamaika gela berriren beharra zeukan ikastetxeak.

Alain Rousset, Akitania eskualdeko lehendakariak adierazi du tokiko hizkuntzekiko «atxikimendua» zeukala eskualdeak. «Hitza hitz» esan du euskaraz. Esaterako eskualdeak diruztatu du eraikin berriaren proiektua. Eusko Jaurlaritzarekin egindako lana goraipatu du.

Koldo Tellitu, Ikastolen Federazioko lehendakaria Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko elkarlanaz aritu da: «Izan ditugun erronkei herri gisa erantzuteko gaitasuna erakutsi dugu azken hamarkada hauetan, eta orain, datorren gizarte eraldaketari ere herri gisa erantzutea dagokigu».

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta kultura sailburuak «Seaskak egindako ibilbidea» txalotu du: «Lehenengo ikastolak gaizki ikusiak ziren; gaur egun oniritzi zabala daukagu».

Seaskako lehendakari izan direnak omendu dituzte ondoren: Argitxu Noblia, Gehexan Alfaro, Mixel Etxeberri, Ixabel Charriton eta Paxkal Indo, besteak beste. Ikasturte hau lehendakari berri batekin hasi du Seaskak, Indok Peio Jorajuriari eman zion lekukoa lehendakaritzan hamaika urte pasatu ondoren. Honela hitz egin du Jorajuriak: «Lorpen kualitatibo handia egin du Seaskak lizeo honekin: lehen, kolegiotik bi ikasletik bat baizik ez zen heldu lizeora. Gaur egun, aldiz, ireki ditugun sail berriei esker, lau ikasletarik hiru heldu dira». Seaskak Ipar Euskal Herriko euskalduntze prozesuan izan duen rolaz ere aritu da: «Biharko Euskal Herriko arlo profesional guztietako euskaldun gehienak hemendik pasatuak izanen dira».  Akitaniako eskualdearen laguntza eskertu du, proiektua «osoki diruztaturik» 1,7 milioi euro emanez. Euskararen Erakunde Publikoa, Euskal Elkargoa eta Eusko Jaurlaritza ere eskertu ditu.

Hala ere, gerora etor daitezkeen «arrisku eta mehatxuez» hitz egin du. Eta argi dauka Frantziako Gobernuaren jarrera ez dela beti «gure aldekoa». G7koen goi bilerari erreferentzia egin dio: «ez dugu beti G7a ukanen akordioak azken puntan konpontzeko». Esaterako, Seaska, EEP eta Estatuaren arteko ituna erabat blokeatua egon zen ekainera arte. Uztailean, ordea, ituna izenpetu zuten, eta Seaskak galdegindako postuak lortu zituen urtebeterako. Jorajuriak pentsatu du G7koen goi bilera hortik hilabete batera egiteak eragin ahal izan duela erabaki horretan. Itxaropenez bukatu du hitzaldia: «Elkarrekin borrokatuz lortuko dugu gure herriak merezi duen hezkuntza sistema eraldatzaile eta euskalduna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.