Udaberria amaituta, udan sartu gara goizaldean, nahiz eta, tenperaturari kasu eginez gero, badirudien aspaldian hasi zela urtaro hori. Azken egunetako beroaldiak toki freskoetara bultzatu du jendea. Hala, asko izan dira, esaterako, Arga ibaira (Nafarroa) bainua hartzera joan direnak. Jendez gainezka egon dira, baita ere, herri eta hirietako igerilekuak eta hondartzak.
Adituek aurreratu dute, hala ere, datozen egunetan behera egingo dutela termometroek, apurka bada ere. Bihar, batez ere, kostaldean nabarituko da aldaketa, eta gutxinaka Euskal Herri osora zabalduz joango da. Uda sasoiari begira, berriz, ohikoa baino euri gehiago egingo duela iragarri dute, hainbat urtean behin gertatzen den El Niño klima fenomenoa dela eta.
Sutea Nafarroan
Foruzaingoak jakinarazi duenez, beroaren eraginez tren batek piztutako txinpartek sute txikiak eragin dituzte Larragetan (Nafarroa). Horiek hala, berehala joan dira bertara Cordovillako suhiltzaileak. Iturri ofizialek jakinarazi dutenez, Berriozarko igerileku publikoak ere hustu egin dituzte helikopteroek handik ura hartu ahal izateko.