Hotzaldia

Tenperaturak behera egin du gauean, eta izotzak hartu du elurra

Iruñean -6,1 gradura jaitsi da tenperatura, eta Donibane Garazin, -6ra. San Martingo Harria zeropetik 16 gradura iritsi da. Gipuzkoan eta Nafarroan hodeiak desagertu egingo dira arratsaldean eta gaur gauean tenperatura gehiago jaitsiko dela iragarri du Euskalmetek.

2012ko otsailaren 3a
21:10
Entzun

Atzoko elurtearen lekua hotzak hartu du gaur goizean, eta zeropean esnatu da Euskal Herria. Iruñean -6,1 gradu zeuden gaur goizean, eta Donibane Garazin, -6. Errepide sare nagusia garbi badago ere, izotza da arazo, eta ibilgailuak ahalik eta gutxien hartzea gomendatu dute.

N-1 ean Gasteiz eta Miranda artean eta Gasteiz eta Etxegarate artean izotza dago. Baita A-15 autobidean ere. Hainbat mendateetan izotz plakak daude, eta kateak behar dira hainbatetan, besteak beste, Lizarra eta Beasain arteko errepidean.

Goizean tenperatura hotzenak mendietan dauden neurgailuek jaso dituzte. San Martingo Harrian dagoenak (Zuberoa) zeropetik 16 gradu jaso ditu, Arangoitikoak (Nafarroa) eta Organbidexkakoak (Zuberoa) zeropetik 15, eta Erremendiakoak, -13,5.

Euskalmeten eguraldi iragarpenak dio gaur arratsaldean argitu egingo duela egunak, eta Gipuzkoa eta Nafarroan batez ere hodeiak desagertu egingo direnez, gehiago jaitsiko dela tenperatura. Ipar Euskal Herrian, Araban eta Bizkaian hodeiek elur gehiago ekarriko dute. Bihar ere elurra egingo du Euskal Herri osoan.

Tenperatura gaur goizean (06:00-08:00):
Iruñea: -6,1
Donibane Garazi: -6
Baiona: -3,5
Donostia: -3,5
Miarritze: -3
Gasteiz: -2,7
Agoitz: -6,6
Ezterenzubi: -6
Bardeak: -5,9
Etxarri Aranatz: -4,5
Beasain: -4,1
Aramaio: -4,1
Ainhoa: -4
Kanbo:-4
Zumarraga: -3,9
Doneztebe: -3,7
Lizarra: -3,4
Bastida: -3,3
Irun: -3,3
Abadiño (03:00etan): -5,4
San Martingo Harria (Zuberoa): -16
Organbidexka (Zuberoa)
Arangoiti (Nafarroa): -15
Erremendia (Nafarroa): -13,5

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.