Atxiloketak

Teo Salamon aske utzi dute

Akusaziorik gabe askatu dituzte asteartean atxilotu hirurak; Agirrebarrena eta Magis atzo eguerdian askatu zituzten; Teo Salamon gaur utzi dute aske, Parisera eraman eta gero.

Atxilotuak askatzeko eskatuz, pintaketak. SYLVAIN SENCRISTO
Nora Arbelbide Lete.
2015eko urtarrilaren 30a
12:30
Entzun

Astearte goizean atxilotu lau gazteak aske daude; hiru kargurik gabe, eta Salamon kontrol judizialpean. Haitz Agirrebarrena eta Jean François Magis atzo eguerditan askatu zituzten, eta Alex Feldmann, herenegun gauean. Laugarren atxilotua, berriz, Teo Salamon, Parisera eraman zuten atzo goizean, atxiloaldia araberan luzatu ziotela. Gaur askatu dute. Terrorismoaren Aurkako Ministerio Publikoko instrukzio epaile batek agindurik egin zituzten atxiloketak. Asteartean atxilotzerakoan, lau gazteen etxeak miatu zituzten jendarmeek, eta Paueko Jendarmeriara eraman zituzten ondotik, zuzenean.

Atxilotzeko mementoan, atxiloketek «zenbait atentaturekin» zerikusia zuketela jakin zen; artean, Itsasun etxe bati eman suarekin. Miarritzeko bikote baten bigarren etxebizitza kiskalia atzeman zuten 2013ko azaroaren 17an. Eraikinaren kalte materialak handiak izan ziren, baina su hartu zuenean etxearen jabeak ez ziren barnean. Euskal Herria ez da salgai! idatzia zuen su hartu etxearen murruetako batek. Ekintza ez zuen nehork bere gain hartu, eta Parisko Terrorismoaren Aurkako Ministerio Publikoak hartu zuen gertaturikoa ikertzeko ardura.

Atxiloketen salatzeko, atzo gauean elkarretaratzeak egin zituzten Baionan, Itsasun eta Arbonan. Larunbateko manifestaldia berretsi zuten. Euskal gazteria aitzina! Konponbidea orain! lelopean, Aitzina, EHBai eta Lurra eta Etxebizitza kolektiboak Baionako San Andres plazara deitu dute, 16:00etan. «Probokazio» hori gelditu eta konponbidearen aldeko urratsak egitera deitu dute Frantziako Gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.