Terminal berria izango du Noaingo aireportuak gaurtik aurrera

Hegaldi eta ibilbide gehiago erakartzea da eraikinaren helburua; baina, oraingoz, asmoa baino ez da hori

Inigo Astiz
Noain
2010eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Terminal berria du Noaingo aireportuak (Nafarroa). Zaharra baino handiagoa da, eta zerbitzu hobeak eskainiko ditu. Atzo egin zuten irekiera ekitaldia, eta gaur bertan hasi da martxan. Zaharraren zerbitzu berak eskainiko ditu, halere. Bartzelona eta Madrilerako abioiak baino ez. Baina aldatu egingo da hori etorkizunean, Miguel Sanz Nafarroako lehendakariaren eta Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroaren hitzetan. Hori da, behintzat, espero dutena, horrek justifikatuko bailituzke eraikin berria egiteko AENA enpresa publikoaren bitartez Sustapen Ministerioak gastatu dituen 44 milioi euroak. Beheraka baitoa, joan ere, Noaingo aireportua. Aurten 100.000 bidaiari galdu ditu, eta azken urteetan hainbat hegazkin enpresak egin dute alde bertatik.

Adreiluzko sedukzio joko bat da, beraz, eraikin berria, neurri batean. Enpresa eta hegaldi gehiago erakarri nahi dira terminal berriarekin, Blancok eta Sanzek adierazi dutenez. Oraingoz, asmoa baino ez dago, ordea; asmoa eta azpiegiturak. Zinta gehiago, aparkaleku handiagoa, aurrekoa baino hiru aldiz handiagoa den harrera gela, hegazkinentzako geraleku gehiago, erakusmahai gehiago, zerbitzu hobeak eta 2011rako egongo den kontrol dorre modernoagoa. Horiei esker, Boeing 737 hegazkin handiek ere erabili ahal izango dute aireportua orain.

Eraikin berrian, baina, oraingoz, hegazkin zaharrak baino ez daude. Lehengo hegaldi berak: Bartzelona eta Madrilerakoak. Denbora batez, behintzat, hala jarraituko du, gainera. Irailean, Laura Alba Nafarroako Herri Lanen kontseilariak esan zuenez, hiru urtean ez da hegaldi eta ibilbide gehiagorik espero.

«Funtsezkoak» dira, halere, halako inbertsioak, Blancoren hitzetan, krisi ekonomikotik «indartuta» ateratzeko; «are gehiago Iruñearen gisako kokagune estrategikoetan». Nafarroako turismoari eta terminal berriari bultzada emateko, nabigazio tasak %14 jaitsiko dituzte Noaingo aireportuan.

Pozik daude eraikin berriarekin langileak, baina baita zain ere. «Bidaiari kopurua ez da oso handia hemen», dio Santiago Esparza aparkalekuko arduradunak. «120 leku gehiago ditugu orain, eta aireportua prest dago lan karga handiagoa hartzeko; orain hori falta da: mugimendu handiagoa».

Etorkizunean du hanka azpiegitura berriak, Blancok adierazi duenez. «Eraikin berriak aireportuaren zerbitzua hobetu, eta Nafarroaren lehiakortasuna handitzen lagunduko du». AHTaren eraikuntzari, aireportuaren berrikuntzari eta merkantzia garraiorako azpiegitura berriei esker ere gertatuko da hori. AHTa aipatu du etorkizunera begira ongi egindako apustu horien adibidetzat. Aireportuari lehia egingo dion azpiegitura, hain zuzen ere. Azpiegitura «bikaina» dela esan du; «esportatzeko modukoa».

Oraindik, gaztelania hutsean

Espainiako Gobernuarekin izandako lankidetza «onaren» eredu gisa aipatu du Sanzek AHTa. Testuinguru horretan kokatu du terminal berriaren eraikuntza ere: «Aireportu zerbitzu onak izatea beti da etorkizunera begirako tresna on bat». Hegazkinen tarifak malgutzeko ere eskatu du.

44 milioi euroko kostua izan dute lanek, baina oraindik ez da eurorik gastatu aireportuko afixak elebitan jartzen. Eraikin zaharrean bezala, gaztelania hutsean dago dena berrian ere. Nafarroako Parlamentuak hala eskatuta, ordea, aldatu egingo da hori. «Hurrengo hilabeteetan»,zehaztu du Blancok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.