Koronabirusa

TERMOMETROA (38)

Koronabirusaren aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Baionatik, Donostiatik eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
«Beharbada, gurasooketa irakasleok planto egin behar genuke»

Josebe Blanco Baserritarra

Maiatzaren 18an batxilergoko eta lanbide heziketako ikasleak eskolan sartuko direla iragarri dute bat-batean. Gure seme zaharrena harrapatzen du planak. Nik oraindik ez dut entzun zenbateko aurrekontua egongo den horretarako. Gelak bikoiztu egingo badira gutxienez, non daude gela berri guztientzako irakasleen kontratazioak? Ikasleei nork eman behar die maskara? Eta nola dago garraio publikoa gazte horiek ikastetxera eraman eta ekartzeko? Zer baldintzatan ariko dira irakasleak?

Birusak mahai gainean jarri ditu egindako murrizketak eta gaizki egindako inbertsioak, eta, beharbada, gurasook eta irakasleek planto egin beharko dugu; agintariak behartzeko sosa jatekoan, eskolan, osasunean, lehentasunekoan inbertitzera, eta ez oporretara joateko abiadura handiko trenetan eta erraustegietan.

Hobe genuke ikasturtea bertan behera utzi eta tresnak eta baliabideak landu irakasleekin batera, benetan pedagogikoa den sistema bat garatzeko. Ze eskolak asko erakusten du; eta ez bakarrik biologiaz, matematikaz edo fisikaz. Eskolak asko erakusten du, besteak beste, hor dauden pertsonengatik. Bizitzarako prestatzen duen toki bat da, on eta txar guztiekin. Eta sozializazio prozesu hori, tele-eskolan, etena dago.

«Aldaketak egon dira larrialdietan, beste patologiei ere erantzuteko»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Negatibo eman nuen atzo proba azkarrean, espero bezala. Koronabirusa gorenean zegoen garaian sotoetan ezarritako kanpaina ospitalean egin zidaten testa; horretarako ari dira baliatzen gune hori orain, pixka bat moldatuta. Ilaran tokia hartu, datuak eta odol pixka bat eman, itxoin ordu laurden, eta kito. Txandaka, hainbat lankide elkartu ginen han, erizain, laguntzaile zein zeladore. Denok eman genuen negatibo. Hizketan aritu ginen, testa zertarako den, zer-nolako fidagarritasuna daukan... Gaur neuk aritu beharko dut atzo guri eman zizkiguten azalpenak beste batzuei ematen, egokitu zaidan lana proba horiek egitea baita, etengabean, 15:00etatik 22:00etara.

Aldaketak egon dira larrialdietan: koronabirus zirkuitua ez dute itxiko urte osoan, beti egongo dira erizain bat eta laguntzaile bat gutxienez, baina gainerako patologietako pazienteak gero eta gehiago dira.

Astelehenean jai izango dut seguruenik, baina beste batzuk orduan itzuliko dira lanera, ostalaritzan eta. Kuadrillako batzuk ere enplegua aldi baterako erregulatuta egon ziren, baina lanean ari dira atzera. Gutako inor ez da lanik gabe geratu, baina ea gure lan baldintzak nolakoak diren aurrerantzean.

«Jende anitz bada karriketan, konfinamendu hastapenetan baino gehiago»

Aña Iriart Unibertsitateko ikaslea

Deskonfinamenduarekin, amarengana joanen naiz, eta, segidan, aitarengana. Hiru egun haiekin egin ostean, Baionara itzuliko naiz, ziurrenik, etxean anitz garenez zailtasun gehiago ukanen baitut ikasteko, eta partzialak baditut egiteko. Heldu den astean berean hiru azterketa baditut. Asteburu honetan ikasi eta ikasi arituko naiz, bada.

Goiz honetan ohartu naiz jende anitz bazela orain karriketan, konfinamendu hastapenean baino arras gehiago. Astelehenean hastekoa da hemen deskonfinamendua, eta baditut lagun batzuk ezin direnak atera berehalakoan, badutelako familian pertsonaren bat bereziki zaurgarria. Beste lagun batzuk ere baditut nahi dutenak kirola eta denetik egin. Bizikidea da bat. Orain ez da lanean, eta kanpin batean hasi behar luke uztailean. Errana dute turismoa aipatuko zutela berriz maiatz bukaeran eta ikusiko zutela nola pasatuko zen ekaina; baliteke uztail hastapean-edo irekitzea.

Alogera pagatzeko arazorik ez dut ukan oraino. Hilabete guztiz baditut ene burtsak, eta, normalki, apirileko bakantzetan lan egin behar nuen. Hor ez dut lanik egin; beraz, zailtasun ekonomikoak ukanen ditut, beharbada. Ekonomia berriz nola bultzatuko den, eztabaida anitz bada.

«Tarte fisikoa gordetzen ez dutenei aldentzeko esan behar genieke»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Samuraia izan ala ez, nire ustez, bada bizitzako une batean gugandik ateratzen den pultsio unibertsal bat: ingurukoei gaizki egin dutela aurpegira esateko lotsagabetasuna, erraietatik hala uste badugu behintzat. Munduko lotsatiena izanda ere, gutxieneko sozializatzeak dakarkigun ahalmena da, nire hagakure pertsonalaren arabera.

Gogoan dut nire baitako ahots protestatzailea-edo kanporatu nuen lehen aldietako bat: txakurrarekin nindoan paseoan, eta auzoko gazte batek petardotzar bat bota zuen gure ingurura; animalia aztoratu zitzaidan eta sekulakoak esan nizkion. Gero, Mr. Scrooge sindromea lantzen joan naiz adinean gora joan ahala; marmartia bai, baina arrazoiz betiere.

Pentsatzen dut (ia) guztiok barnean daramagun akuilu sozial hori erabiltzeko abagune aparta dugula birusaren hedapena oztopatzeko. Distantzia fisikoa aintzat hartzen ez duten hankabikoei aldendu daitezen esatea, izan ere, oso garrantzitsua iruditzen zait; eta uste dut askotan ez dugula hala egiten gaizto ez agertzeagatik. Norbaitekin sesioan ez hasteko, nahiago izaten dugu isildu, kutsatze arriskua gure gain hartu eta aurrera jo. Hobe da (modu onez) esatea, ezta?

«Jendearekin kontakturik ez izatea hobe da oraindik ere, nire ustez»

X.X. Etxeko zaintzailea

Sorterrian ere, konfinatuta segitzen dute. Hango adituen arabera, hauxe dute arrisku gehieneko bolada, eta asmatu dute, positiboen kopurua gora egiten ari baita. Alabarekin eta bilobarekin hitz egin nuen atzo horretaz. Nekatuta zeuden haiek ere, etxetik lan egin beharraren beharraz.

Bi lagunek idatzi zidaten gero, gaur ateratzeko gogorik ba al nuen galdezka; ezetz esan nien. Asteak nekatu egin nau, eta, nekatu gabe ere, ez daukat irteteko gogorik. Etxean sartuta segitu beharrik ez daukagu, baina erabateko askatasunik ere ez, eta jendearekin kontakturik ez izatea hobe da oraindik ere, nire ustez.

Hemengo lagun batekin ere hitz egin nuen. Migrantea eta etxeko langilea da hura ere, eta kezkatuta dago. Bere nagusi biak etxetik ari direnez lanean, haienera beharrera ezin duela joan esaten ari zaizkio. Kontratua sinatua badaukan arren, ez dago lasai; Gizarte Segurantzan baja eman baitiezazukete gaur egun, kontratua izanik ere. Kito.

Nire nagusiak oso-oso lanpetuta zeuden gaur, eta armairuak txukuntzen segitu dut. Pozik sartu naiz etxera, lanetik bueltan, haurrak oparitutako peluxezko katua besapean. Bukatu da kalera irteteko lehen astea; nondik hasiko, zer jazoko jakin gabe abiatutako desordena.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.