Koronabirusa

TERMOMETROA (50)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Baionatik, Donostiatik eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
«50 litro esne bota behar izan ditugu gaur; pikutara joan dira bost gazta»

Josebe Blanco Baserritarra

Belarra moztera abiatu traktorearekin, zatitxo bat moztu, eta makina aurrera egin nahi ezta. Mekanikariari deitu, eta ekartzeko bueltan etxera, mendiko bestaldetik. Garabiarekin eraman zuten. Ondoren, presaka ibili ginen denbora guztian, gauza bat egin bitartean hurrengo egin beharrarekin pentsatzen. Hori atzo.

Gaur goizean, joan gara jezteko makina prestatzera, eta atzo gaueko jetzaldiko esnea hoztu gabe zegoen. Bota egin behar izan dugu. Negarrez. Makina entxufatu genuen, baina ez genuen martxan jarri. Deskuido bat. 50 litro, ekoizpenaren laurdena; bost gazta pikutara joan dira.

Aurreko batean baserritarren autonomia aldarrikatzen nuen, baina ez diozu uzten menpeko izateari nolabait. Traktorerik gabe egingo dugu belarretan gaur, eskuz, eta halako egoerek ekartzen dizkiguten lanordu gehigarriak ez dira inon ageri. Eta guk ez daukagu kalte guztietarako asegurua pagatzeko lain. Janaria erosten duena hain dago urrun jango duenaren atzeko lanetik eta suerta daitezkeen egoeretatik, zama guztia gure gain hartu behar izaten dugu... Guk ez dugu gazta garestiago saltzen auskalo zer gertatu zaigulako prozesuan. Guk maite dugu txikitasuna, baina horrek ez zaitu erabat babesten ezbeharretik.

«Txarangako eta taldeko entseguekin hasiko gara aste honetan»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Igande arratsaldean ez bezala, astelehenean lana ugari izan genuen. Jende asko etorri zitzaigun arratsalde-gau hasieran. Triajean aritu nintzen, anbulantzietakoan lehenik, normalean gero, gelditu gabe. Zein zirkuitura eta zein lehentasunekin bidali erabakitzea da triajeko lana, eta denetariko jendea hartu genuen. Bukatu, bizikleta hartu, etxera bueltatu, afaldu, eta telebista aurrean eseri nintzen. Konturatzerako, Conquis ikusten nengoen. Denboraldi bat ikusia nuen, DBHn nengoenean, eta ez da batere aldatu, reality kaka bat izaten segitzen du. Ikastolatik ezagutzen dudan batek parte hartzen du bertan, eta hari begira egon nintzen.

Aste honetan txarangako eta taldeko entseguekin hasiko gara. Abesti berriak atera eta ahalik eta ondoen jotzeko prest egotea dagokigu orain, datozen hilabeteotan irteerarik programatuta ez daukagun arren. Sanferminak garrantzitsuak dira guretzat, eta bertan behera geratu dira. La Jarana peñakoekin ateratzen hasi ginen iaz, eta, bigarren urterako, kale. Gaurko entseguan ikusiko dugu nola moldatzen naizen. Hiru hilabetean ez dut tronpeta ukitu ere egin; badakit beste batzuk etxean aritu direla entseatzen. Barre pixka bat egingo dugu.

«Frantzian ere erran dute COVID gaixoei hidroxiklorokina ez emateko»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Frantziako Osasun Publikorako Kontseilu Nagusiak eta Botiken Agentziak ere erran dute ez emateko hidroxiklorokinarik gehiago COVID-19ak jotakoei; hainbat ospitaletan egiten ari ziren ikerketak ere bertan behera uztea aholkatu dute, The Lancet aldizkariak kaltegarri izan daitekeela argitaratu ostean.

Donald Trumpek botika hori goratu izan du. Berak ere hartua omen du. Gel hidroalkoholikoa edan zitekeela ere erran zuen beste behin, eta hilak ere suertatu ziren batzuk, zazpi bai, hark errana egiteagatik. 100.000 hildako inguru badira Ameriketako Estatu Batuetan. Han ez da osasun sistema unibertsalik, zeuk behar duzu pagatu zure osasun artatzea, eta auzo txirotuetan hildako gehiago dago normalki aberatsetan baino. Eredugarria omen da herrialde hori, hala ere.

Ni neu bikain naiz. Ama, ttantta eta otto lanean baitziren, kusiak etxera jin dira goiz honetan, eta bost ikasleren andereño eta zaintzaile lanak egin ditut. Txikienek eman dute lan gehien, bertzeak beren kasa moldatu dira. Anitz bero bada hemen, eta, etxe ondoan erreka bat badugunez, arratsalde honetan bainatzera joatea proposatu diet denei. Badu bi aste, maiatzean egonik ere, bero handia dugula. Ura fresko izanen da, hala ere.

«Aukera paregabea dugu txanponik gabeko sistema ezartzeko»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Azken hilabeteetan, lineako autobusetako aurreko atea ez da bidaiarientzako erabilgarri egon. Gidariontzako babes-neurri garrantzitsua izan da, batetik; bestetik, geltokietan autobusa geratzeko posizioen aldaketa bat ere ekarri digu, askotan zertxobait aurrerago egin baitugu geldialdia, ohiko erreferentziak (zuhaitzaren adar lodia, farol okerra, espaloi zati zartatua,...) alde batera utzita.

Txanponen erabilpenari buruz dudan dilema nahiko handia da: betirako muzin egin ala txanponetara itzuli beharko genuke? Pertsonalki, pandemiak eman digun aukera honi eutsi beharko geniokeela uste dut, Fermin Muguruzak Bogota kantan zioen moduan erorketa bakoitzetik dantza pausu bat ikasiz; are gehiago, birus berriak etorriko direla jakinik. Gidari ia guztiok txanponekin aritzeagatik plus bat jasotzen dugun arren, nik muzin egingo nioke. Badakit beste gidari askok kontrakoa pentsatzen dutela, baina, plusaz gain, ez diot onurarik ikusten diruarekin aritzeari: kutsatze aukera gehiago, zerbitzuaren atzerapena, bizkarrarentzako zama...

Turista gutxiagoko aro hau aukera paregabea litzateke txanponik gabeko garraio sistema ezartzeko; antolatzea da.

«Kapitalak bere karabelak darabiltza gaur ere indigenen aurka»

X.X. Etxeko zaintzailea

Hobeto dut orkatila gaur. Ozpinetan sartu, eta baretu zait mina.

Jakin dut Brasilen indigenak oso azkar ari direla hiltzen. Bizi izan nuen gerrarekin pentsatzen hasi naiz, eta oraingoa ordukoaren ondorio dela sartu zait buruan. Bonbak, balak, borrak zituzten lehen; orain, plastikoak. Orduan isuritako odolaren bidetik doaz oraingoak; orduko jauntxoen seme-bilobek ez dute uniformerik soinean, gorbatak baizik. Hortxe datza gakoa: ez dela emaria bukatzen.

Gure herrialdeko diktadoreak ere zibilizazio indigenak akabatu nahi izan zituen, haien kultura eta hizkuntzak. Indigena haiek ziren eremu aratzenen zaindari. Gaur ere, Kapitalak bere karabelak darabiltza haien kontra, baina oraingoak ez dira ez Pinta, ez Niña, ez Santa María, Iberdrola baizik. Jair Bolsonaro da Iberdrolaren laguna Brasilen; eta indigenak gorroto ditu. Kapitalismoa gerran da jatorri herrialdeekin eta beren lurren araztasunarekin. Beti izan da gerra horretan. Gaur ere, gure lurren babesle asko eta asko ihesean bizi dira, akabatu eta desagerrarazi arte jazartzen zaizkielako. Hortxe da orain gerra, denon aurka: dena da plastiko, ezin da aratza den ezer egon. Bilbora joan eta Iberdrola dorrea ikusten dudanero gogoratzen dut. Eta odolak su hartzen dit.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.