Terrazen irekieran ez dute huts egin herritarrek

Gaur hasi da neurrien arintzearen bigarren fasea Iparraldean: hetsirik egon diren sektoreak zabaldu dituzte berriz, eta, etxeratze agindua 21:00etan izanen da hemendik aitzina.

Baionako merkatuko plazako terrazak bete dira goizean. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko maiatzaren 19a
11:12
Entzun

Baiona handiko eta txikiko terrazak jendez bete dira goizean. Zerbitzarien joan-etorriak berriz hasi dira, eta hainbat saltokik aitzindegiak zabaldu dituzte azkenean. Azken zazpi hilabeteetan ikusi gabeko irudia eman du goizak Lapurdiko hiriburuan. Neurrien arintzearen bigarren fasea hasi da gaur Ipar Euskal Herrian, eta, sektore batzuen irekieraz gain, etxeratze agindua 21:00etan izanen da ekainaren 9ra arte.

Halere, eguraldiak baldintzatuko du eguneko giroa: terrazak bakarrik ezin izan dituzte ireki ostalariek, edukieraren %50ean. Ostalari anitz euriaren beldur dira: goizeko kafearen tenorean eguzkia atera bada ere, zaparradak iragarri dituzte arratsaldera arte. Dena den, aroak ez ditu bezeroak beldurtu: «aspaldiko partez» berriz elkartu dira mahai inguruan, betiere sei lagun gehienez.

Baionako Les Pyrenees ostatuan kafea hartzera bildu da Luis Hariztoi ikaslea. «Ostatuak biziki inportanteak dira elkarren arteko harreman sozialetarako. Ikasle anitz biziki bakartuak egon dira, eta arrunt baldintzatuak neurriengatik. Ostatuen irekiera, alde horretatik, arras garrantzitsua da», azaldu du.

Neurrien arintzearekin, bestalde, kulturguneak ere zabaldu dituzte gaur. Zenbait egitura asteburu honetan hasiko dira berriz programazioarekin, hala nola Miarritzeko (Lapurdi) Atabal musika gela. Baionako Atalante zinema gelan, berriz, gaur ekin diote berriz filmak proiektatzeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.