Politika

Terrorismoaz mintzatzean ETA aipatu zuela dio Kerryk, eta ez euskaldunak oro har

Urtarrilaren 31an Oklahoman eman zuen mitinean, terrorismoaz mintzatzean, ETA aipatu zuela eta ez zituela euskaldunak, oro har, "terroristekin" parekatu adierazi du John Kerry AEBetako lehendakarigai demokrata izateko hautagai sendoenak. Zeharka, beraz, IBOHR Giza Eskubideen Nazioarteko Euskal Erakundeak egindako irakurketa gezurtatu du. Halaber, gaizki-ulertua sortu izana sentitzen duela azpimarratu du.

2004ko otsailaren 13a
16:49
Entzun
Terrorismoari buruz galdetu zioten John Kerry AEBetako senadore demokratari urtarrilaren 31an Oklahoman egin zuen hitzaldian —senadorea ez ezik, datorren azaroko AEBetako lehendakaritzarako hauteskundeetarako demokraten hautagai sendoena da—. Erantzunean esan zuen herrialde asko zirela historian zehar "terrorismoari" aurre egin behar izan ziotenak, eta adibide batzuk aipatu zituen: Irlanda eta Ingalaterra aipatu zituen, urteetan IRAri aurre egin behar ziotela esanez. Espainia eta India ere bai, "terrorismoarekin" bizi izan diren herrialdeen adibide gisa.

Hor sortu zen arazoa: IBOHR Giza Eskubideen Nazioarteko Euskal Erakundeak salatu zuenez, "Espainiak euskaldunen terrorismoarekin" bizi dela esan zuen, eta "India sikhenekin". Hau da, IBOHRen iduriko, Irlandaren eta Ingalaterreran kasuan erakunde zehatz bat lotu zuen Kerryk "terrorismoarekin"; Espainiako eta Indiako adibideetan, ordea, euskaldun guztiak eta sikh guztiak "terroristen" zakuan sartu zituen.

Hori dela eta, kanpaina bat jarri zuen abian IBOHRek Kerryk euskaldunak "terroristekin" parekatze hori zuzen zezan. Zehazki, Kerryren kanpainako taldeari posta elektroniko bidez barkamena eskatzeko mezuak bidaltzeko eskatu zuen IBOHRek.

Dagoeneko, hainbat jendek igorri dizkio mezuak demokraten lehendakarigaitarako hautagaiari, eta hura ere hasi da erantzunak bidaltzen. Hain zuzen ere, Kerryk ukatu egiten du Oklahomako mitin hartan euskaldunak "terroristekin" parekatu zituenik, eta zehatz-mehatz ETA —Euzkadi Ta Askatasuna, argitzen du— aipatu zuela dio. Halaber, AEBetako Estatu Departamenduak ETA atzerriko erakunde terrorista gisa izendatua duela azpimarratzen du.

Nolanahi ere, bere adierazpenek gaizki-ulerturik sortu badute sentitzen duela agertzen du Kerryk erantzun horretan, eta argi dagoela, euskaldunak, oro har, ez direla terroristak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.