Gorka Erostarbe ('Egunkaria'-ko kazetari ohia): "Ainararen dei hura"
Ainara zen. “Lantegixa itxioskue, Gorka. Guardia Zibilak sartu dia eta Martxelo eta beste hainbat atxilotu dittue”. Artean sakeleko telefonorik enerabilen. Etxekoak jo zuen. Bortizki. Betiko txirrin hotsa zuen, baina goizeko zazpiterdiak ziren. Badakigu ordu horietako txirrin hotsak… Eta ondoren, urradura.
Esan liteke, sarri esan ohi denez, haren ondotik beste proiektu berri bat sortu zela, indartsuagoa eta babestuagoa. Baina ez zait halakorik ateratzen.
Isilik geratu nintzen segundu batzuz. “Lo ote nago oraindik, erdi ametsetan? Edo adarra jotzen ari ote zait? Ez da ba gai hauekin bromatan ibili ohi dena Ainara…”. Nola-hala erreakzionatu nuen. “Segituan izango naiz hor”. Artean autorik ez nuen. Trenez joaten nintzen lantokira. Baina azkarrago iristearren aitari eskatu nion autoz eraman nindezala. Ordu erdi eskasean Martin Ugalden nintzen. Jende mordoa, lankide mordoa, ezin sinestuzko aurpegiarekin. Abaildura, urduritasuna eta amorrua. Eta berdez jantzitako gizagaixo malapartatu batzuk Rambo jokoan . Eta ondoren urradura.
Esan liteke, sarri esan ohi denez, inoiz baino gehiago batu ginela, eta inoiz baino batuago eutsi geniola bide berriari. Baina ez zait halakorik ateratzen.
Artean ordenagailu portatilik ez nuen. Lau bat urte ziren Egunkaria-n sartu nintzela. Hiru bat aste neramatzan Barkatu Ama gehigarrian lanean. Lorea, Idurre eta Pipirekin lan egina nintzen eta kazetaritza lekzio batzuk jasoa, baina artean zipitzik ere ez nekien. Halere, ilusioz beterik hartu nuen lan haren ardura. Jon eta Mikelek egindako lan eskergari segida ematea ardura zen, baina pizgarri zitzaidan. Niretzat M-ak-en kantua baino lehen Egunkaria-ko gehigarria izan zen Barkatu Ama. Gazte gehigarri hari esker ezagutu nuen M-ak, eta ezagutu nituen beste hainbat talde ere. Otsailaren 20 hartan elkarrizketa bat egin behar nuen. Ez naiz akordatzen nor elkarrizketatu behar nuen, edo ez dut akordatu nahi, ez dakit. Eta urradura.
Esan liteke gerora ere egin direla gazte gehigarriak eta musika zaletasuna, besteak beste, asko zabaldu, ugaritu dela. Baina ez zait halakorik ateratzen.
Joan ginen Madrilera. Riofrío kafetegi beldurgarri hartan umorea baino ez genuen salbamendu eta umore hari tiraka eutsi genion bi egun infernuzko haiei Estitxuk, Joserrak, Irunek, Aitziberrek, Jonek, Ekaitzek… Ikusi genuen Imanol, izerditan, gau osoa Auzitegi Nazionalean lanean igaro ostean. Ikusi genuen Martxelo izena ere ahaztua dudan espetxe hartatik irtetzen. Inoiz sentitu ez dudan hotzikara eta ezina. Eta urradura.
Esan liteke inoizko erakustaldirik handiena egin zuela euskalgintzak Donostiako manifestaldian. Baina ez zait halakorik ateratzen.
Madrildik itzuli eta lankideak zain Andoainen, itxi berri ziguten lantokiaren kanpoaldean. Gogoratzen dut Luis Goya esker oneko hitzak egiten. Gogoratzen dut Martxelo oso hunkituta hitz egiten. Eta gogoratzen dut neure burua negar zotinka. Eta Oihanaren besarkadan babes hartuta.
Esan liteke asko ikasi genuela esperientzia hartatik guztitik. Baina ez zait halakorik ateratzen.
Eta urradura oraindik.
Irune Lasa (Egunkaria-ko kazetari ohia): "Flashback"
Lotan gaude oraindik kazetari bat Gasteizko 'Egunkaria'-ren delegazioko atarira heldu denean. Badaki zer gertatu behar den. Buruzagiek, Madrildik, eman diote abisua eta han dago Guardia Zibila iristerako.
Gerora kontatu zidanean piztu zidan harridurak, orain barregura ematen dit.
Goiz da oraindik Martin Ugalde parkean. Gutxi batzuk atarian, kordoiaren parean: “Emaidan zigarro bat”, erretzeari utzita zion Kepak. Kordoiaren beste aldean, Latzeko langileak, elkartasuna adierazteko folio xumeez armatuta, Guardia Zibilari aurre egiten. ELAko Korta etorri zait, bere fundamentuarekin: “Pankarta bat egingo dinagu”. Batzar kontaezinetatik lehenengoa, Guardia Zibila oraindik han dela: “Tolosara joango gara biharko egunkaria egitera”. Donostian egingo dela lehen bilera, joateko hara. Autoaren bila noala oihuak: Guardia Zibila parketik ateratzen. Errepidea hartzerakoan patroleko atea zabalduta, guardia zibiletako bat zutik doa, burua altxata, harro-harro. Ez dakit gureetatik nor daramaten patrol horretan.
Oraindik begiak bustitzen dizkit goiz hura gogoratzeak.
Antiguako frontoian elastiko urdina jaso dugu. Jendetzak elastikoari esker identifikatzen gaitu Egunkariko langileok manifestazio erraldoian. “Atxilotuak askatu!”.
Elastiko hura herri baten eskuzabaltasunaren, elkartasunaren, maitasunaren eta adorearen sinboloa da. Gero eta gutxiagotan, baina oraindik ere gertatu izan zait norbait elastiko hori jantzita ikustea, kalean, taberna batean eta... babes sentimendu batek hartzen nau. Orain askotan pasatzen naiz Antiguako tuneletik bizikletan. Ez da sinestekoa, baina aldi bakoitzean jendetzaren burrunba, aldarriak eta txaloak entzuten ditut. Benetan.
Tolosako 'Egunero'-ren egoitza inbaditu dugu. Ramonek ez dakit nondik ekarritako kafegailua eta zigarrokinez betetako hautsontziak. Pantailan Martxelo.
Bidegabekeriak ez du etenik. Auzipetuta daude oraindik gure zortzi lankide.
Hernani. Ordenagailuekin borrokan 'Egunero' egiten. Harrituta Axunen sabelean haurra nola mugitzen den ikusten.
Alabari margoak eta koadernoa erosi dizkiot Plaza Berriko denda txinatarrean. Nire mahaia non ote zegoen kokatzen saiatu naiz une batez, baina ez dut lortu. Denbora joan da, oroitzapenak, beste bide bat hartu duten lankideak... Baina korapiloak hori dirau, eta aldiro agertzen da, urteurrenetan edo, adibidez patrol berde bat ikustean.
Eider Goenaga (Egunkaria-ko kazetari ohia): "Ez dut ahaztu nahi"
Egunkaria-ko langile ohien bideoa landu dute Berria Telebistan eta huraxe ikusi dut lerro hauek idazten hasi baino lehenago. Ez dakit ondo egin dudan. Korapiloa egiten zait eztarrian, ahoa lehortzen zait eta begiak busti egiten zaizkit ordukoak oroitzen ditudanean. Izan ere, oso oroitzapen biziak dira Egunkaria itxi zutenekoak, gure lankideak atxilo eraman zituztenekoak, torturatu zituztela jakin genuenekoak... Oraindik sentitzen dut Donostiako manifestazioaren berotasuna, baina baita Madrilera joan ginenean sentitu genuen hotza ere —eta ez zen izan soilik hotza egiten zuelako—. Orduko hotza oso gogoan duela esaten du lankide batek bideoan, eta ez du arrazoirik falta.
Lehenengo astea zurrunbilo batean bezala bizi izan genuen, eta oroitzapen nahasi asko dira. Baina buruan ordena pixka bat jartzen hastea nahikoa da, oroitzapenak bata bestearen atzetik etortzen hasteko. Eta oso argi, gainera. Ez dut inoiz ahaztuko goizeko seiak pasatxotan jasotako deia. Sakelakoan begiratu, eta lankide bat. Ezer onik ezin espero ordu horretan. Ez, ordea, ezer hain txarrik ere. “Guardia Zibila Egunkaria-n sartu da, eta hamar lagun atxilotu dituzte”.
Zertara jakin gabe, oraindik erdi lotan, eta amesgaiztoa besterik izango ez zenaren itxaropenarekin, hantxe joan ginen Andoainera. Gero jakin genuen zeintzuk ziren atxilotuak, eta baita Egunkaria itxiko zutela ere. Lankideak elkartzen eta erreakzionatzen hasi ginen. Kolpe latza jo ziguten, baina ez genuen etsiko, erantzun egin behar genuen. Ez gintuzten isilduko.
Hasierako amorru eta malko haiek, lanerako gogoarekin ordezkatzen joan ginen. Gorabehera handiekin, ordea. Harrotasunez kaleratu genuen Egunero-ren lehen alea, eta Donostiako manifestazioan jasotako elkartasunak berriro begiak malkoz busti zizkigun, hunkituta; Madrilen amorruak hartu gintuen berriro, Pello Zubiria bere buruaz beste egiten saiatu zela jakin genuenean, eta beldurrak dantzan jarri gintuen, torturaren mamua ikusten hasi ginelako. Espetxetik ateratzean Martxelok egindako hitzek hotzikara eragin ziguten —oraindik sentitzen dugu hotzikara hura—. Elkartasun oldea indarra eta forma hartzen joan zen, ez zegoen elkartasun adierazpenik jasotzen ez genuen egunik, pertsona ezagun zein ezezagunen aldetik iritsitako elkartasuna.
Eta proiektu berria gauzatzen hasi ginen. Indar asko xahutu genuen bidean, baina indarrez egin genuen bidea, eta bideak indartu egin gintuen. BERRIA kaleratu genuen, langileen kemenaz eta euskal herritar ugariren babesaz.
Egunkaria-ren itxieraren zamak, ordea, urte askoan jarraitu zuen gure bizkar gainean. Lankide zenbaitek espetxean jarraitu zuten —kartzelan jarraitzen du Egunkaria-ren kontrako operazioan atxiloturiko Xabier Alegriak ere—, auzipetuta zeuden, espetxe zigor eskaera handiak zituzten bizkar gainean, epaiketari aurre egin behar zioten, bigarren operazioaren —oraindik argitu gabe dagoena— kolpea ere jaso genuen...
Gauza asko dira, burutik ezabatu ezin direnak. Orduan bizitakoak eta ordutik jazotakoak ez ditut ahaztu, eta ez ditut ahaztuko. Baina, gauza bat argi daukat... Ez ditut ahaztu nahi.
Enekoitz Esnaola ('Egunkaria'-ko langile ohia): "Martxeloren deia"
Martxelo Otamendik kartzelatik irten zuenean hari telefonoz elkarrizketa egiteko erreparorik-edo ez zegoen Tolosan, Egunero-ren erredakzioan, baina ezohiko egoera gertatu zen. Asteartea zen, 2003ko otsailaren 25a, gaueko bederatziak inguru. Deia Madrilera, Egunero-k han zeukan kazetari Imanol Murua Uriari, ea Martxelo harrapatuko al zuen kartzelatik irten bezain azkar, Tolosatik pare bat galdera egiteko, egunkariak bederatzi eta erdietarako Iruñean behar zuela eta.
Iritsi ziren bederatzi eta laurdenak, eta Martxelo espetxetik atera zen. Baita Murua Uriak azkar harrapatu ere. "Hemen daukazue Martxelo. Aizak, Martxelo, Tolosatik hotsegiten ditek, benga". Tolosan telefonoaren ondoan dozena bat kazetari ginen, baina inork ez nahi telefonoa hartzerik! "Hartu baten batek!", bota zen han. Ezta hala ere. Bost segundo luze izan ziren. Azkenean gazteenetakoak hartu zuen: Jakes Goikoetxeak. "Martxelo, bi galdera egingo dizkizut"… baina orduan Martxelo Otamendi zen ezin zuena hitz egin; emozionatuta zegoen. "Bo, Martxeloren adierazpenik gabe bidaliko dugu Iruñera Egunero, baina testua moldatu behar duenak, moldatu azkar". Eta hala joan zen 5. Egunero hura.
Baina ez; aldaketak laster. ETB2n Teleberri-n, 21:35ean, Julio Ibarra aurkezleak esan zuen ETBko kazetariak ondoan zuela Martxelo eta elkarrizketa egingo ziola. Huskeria esanda ere sartu beharra zegoen Egunkaria-ko zuzendariak esandakoa, eta Iruñera deitu behar, beraz: "Atzera bota lehen bidali dugun orria. Hor izango duzue berriro, hamar minutu barru". Gero, egundoko adierazpenak egin zituen Martxelo Otamendik, torturari buruzko haiek, eta merezi izan zuen aldaketak, denbora aldetik larri ginen arren.
[YouTube]http://youtu.be/ehpj6ZTtAYg[/YouTube]
Iñaki Petxarroman ('Egunkaria'-ko kazetari ohia): "Titularrik gogorrena"
Egunero-ko erredakzio inprobisatuan ohi baino urduritasun gehiago sumatzen zen 2003ko otsailaren 25ean. Gure lankideak epailearen aurretik deklaratzen ari ziren, inkomunikatuta, eta torturen mamuak iluntzen zigun eguneroko jarduna. Ezin ihes egin gaiari, ordea. “Ez dira ausartuko hauek ukitzera, ezta?”, zioen baikorrenak, beldurra ezin uxatuta, ordea. “Ez naiz gehiegi fidatzen”, arraposten zuhurragoren batek.
Jakes Goikoetxea, Andres Gostin, Ramon Olasagasti, Lorea Agirre, Jon Eskisabel, Xabin Makazaga, Eider Goenaga, Jose Mari Pastor eta beste lankide batzuk ari ginen Egunero-ren bulegoan lanean Imanol Muruaren deia jaso genuenean. Madrilen zegoen Murua, lanean. Martxelo Otamendi aske uztera zihoazela ohartarazi zigun. Berehala agertu zen telebistan Otamendiren ahotsa. Urratutako ahotsa. Torturek puskatutako ahotsa.
Ez zegoen dudarik. “Ikaragarriak egin dizkiete”, bota zuen baten batek. Burumakur geunden guztiok telebistaren aurrean. Ezin erori, ordea. Gure irakurleekiko eta euskarazko kazetarekiko konpromisoak berehala erantzutera behartzen gintuen. Titular nagusiari buruz eztabaidatzen hasi ginen segidan. Tortura salaketen inguruan “ustez” erabili behar al genuen? Baten batek zalantza agertu zuen. Denboraren ondoren pasarte horrek gure xalotasuna adierazten du, baita gure lanbidearen oinarriei genien atxikimendua ere. “Aizue, gureei ere ez badiegu sinesten, akabo!”. Hitz magikoak bota zituen baten batek. Elkarri begiratu genion, baiezko keinu adierazgarri batez, zentzuzkoaren aurrean errendituta. “Torturatu egin dituzte”, izan zen Egunero-ren titular nagusia 2003ko otsailaren 26an. Titularrik gogorrena.
Jon Ordoñez ('Egunkaria'-ko kazetari ohia): "Aulki hutsak, Madrilerako autobusean"
Ez ahazteko moduko bidaia izan zen, ez errepikatzekoa. Astelehenean ziren pasatzekoak atxilotuak epailearen aurretik, otsailaren 24an, eta senideekin batera han joan ginen autobusean igande iluntzean Egunkaria-ko zenbait langile, ni tartean. Anoetan Realaren futbol partida zegoen, eta orduko horretan horrelaxe banatzen genituen lanak: batzuk Anoetara, beste batzuk Madrilera, igandea zen. Goizaldean iritsi ginen, eta Riofrio kafetegian gosaldu genuen. Ustez kafe gutxi batzuetako kontua izango zen, baina orduak luzatu egin zituzten, eta Riofrio-tik ere bota gintuzten, ondo gogoan badut.
"Allí, debajo de la bandera", esan zuen polizia batek, atxilotuetako baten nora joan behar genuen galdetu zionean, Colon plazako bandera erraldoi ez-nazionalista hatzarekin erakutsiz. Auzitegi Nazionaletik urrundu gintuzten. Café Gijón-era joan ginen, eta ondo hartu gintuzten, bai. Une batean, ordea, elkarri ematen genizkion animoak eta Donostiako manifestazioan hartutako itxaropenak behera etorri ziren, atxilotuetako batek bere buruaz beste egiten saiatu zela jakin genuenean. Abokatuen hitzak labankada hotzak ziren, telefonoak jotzen zuen aldiko.
Hotza, babesgabetasuna, torturaren itzala. Deklarazioak hurrengo egunean amaituko ziren. Ostaturik ez, aterperik ere ez. Autobusean pasa beharko genuen gaua, Madrilgo kale bateko bazter batean utzita. Autobusa beteta (atxilotuentzako aulki hutsak gordeta genituen), langileak eta senideetako bat trago bat hartzera joan ginen. Ez dut gogoan nor zen zehazki senidea, ezta noren senidea zen ere. Ordu gutxi batzuetan ezezagun ginen batzuk momentu latzak bizi izan genituen elkarrekin, batek bestearen sorbalda gainean besoa jarriz, eskainiz.
Oraindik ere, gertatzen zait, nor den ez dakidan 60 urtetik gorako emakumeren batek Ordizian, Tolosan, Donostian, kalean agurtzen banau, autobus horretan hasten naizela aurpegi horren bila, noren ama izan litekeen gogoratu nahian, bada ez bada ere, horrela izanez gero, hurrengo batean adeitsuago agurtzeko, ez ezezagun bat balitz bezala. Baziren autobus horretan anaiak, bikotekideak, alabak eta lagunak, baina ama izan litezkeen horiekin soilik izaten dut erreflexu hori.
Eta joan ginen trago bat hartzera, eta batek beste bat ekarri zuen, eta horrek hurrengoa, azkenekora iritsi ezin. Autobusera lotara joateko presarik ez baikenuen. Zenbait orduz gertatutakoaz hitz egin genuen, baina barre ere egin genuen, baita abestu ere, ordu horietan hain arrotz zitzaigun hiri horri gain hartuta edo. Itzuli ginen autobusera begi bat itxita eta beste bat irekita zutenen artera, ixil antzean. Zuzen joan ginen gure aulkietara, ustez, baina parre txikiren bat edo beste entzun genuen autobusean geratu zirenengandik, eta hurrengo egunean adarra jo zigunik izan zen.
Asteartean pasa ziren atxilotu guztiak epailearen aurrera. Barrura joan ziren batzuk, eta euren senideak aulki hutsa baino huts handiagorekin itzuli ziren etxera; beste batzuek eurentzat gordetako aulkia hartu zuten autobusean, eta bueltako bidaian torturen berri eman ziguten. Bakardadean etxerako bidean har txiki bat piztu zitzaidan sabelean, gu manifestazioan, etxean, autobusean, Riofrio-n edo tragoa hartzen ari ginen artean, eurak jasaten ari ziren tratu hankerrean pentsatuta. Aurreko gauean Madrilen barre egiteagatik eta abesteagatik errudun sentitu nintzen.
Andoainera iritsi ginen, eta nola edo hala agurtu ginen 48 orduz elkarrekin autobus batean izan ginenak, gurekin itzuli ziren atxilotuen ongi-etorria tartean. Logurea, nekea, presa... Bote-prontoan egindako agurra izan ziren, bi besarkada eta lau hitz, azkar eman eta esandakoak. Gogoan dut, ordea, horietako batean senideetako batek esandakoa: "Senideontzako bidaia gogorra izan da hau, baina zuek gazteek jarri duzuen umore eta giroagatik izan ez balitz, are eta gogorragoa izango zen". Ez dut gogoan nork esan zidan hori, ezta noren senidea zen ere, baina hitz horiekin pikutara bidali zuen bueltako bidaian piztutako erruduntasun harra.
Enekoitz Esnaola ('Egunkaria'-ko kazetari ohia): "Martxelorekin autoan 2003ko otsailaren 26an"
2003ko otsailaren 26a zen, asteazkena, eta Martxelo Otamendi han sartu zen Egunero egunkari nazionala egiten hasi ginen egoitzara, bakarrik. 11:00ak inguru ziren, eta neu bakarrik nintzen Tolosako lokalean. Sei egun lehenago Guardia Zibilak, Auzitegi Nazionalaren aginduz, Egunkaria itxi zuen eta hainbat lagun atxilotu zituen. Tartean, zuzendaria: Martxelo. Atzeman eta bost egunera, otsailaren 25eko gau partean, bermepean libre utzi zuen Juan del Olmo epaileak. Aske atera zenean, espetxe atarian komunikabideak zain zeuzkan Martxelok, eta adierazpen gogoangarriak egin zituen. Torturak jaso zituen, zioenez (bideoa).
Otsailaren 26 hartan, Egunkaria-ren ordezko Egunero-ren lokalean sartu zenean, "hi, beste denak non daude?", zioen Martxelok, harrituta. Lankide denak Andoainen ziren, elkarretaratze batera eta eguneroko bilerara joanda. Ez zekien orduko martxa hori zenik. Ordu batzuk baino ez zeramatzan aske, eta 'galduta' zegoen. Egunero-ri halabeharrez izena utzi zion Tolosaldeko egunkariaren ixte lanetan ari nintzen, geroago besteari ekiteko. Eskualdeko kazetaren lanak bukatu, eta Martxeloren autoan sartu nintzen, harekin batera Andoainera joateko. Aurreko gauean libre utzi zutenetik ez nintzen harekin portunatu. Torturei buruz kotxean ezer galdetzeko adorerik ez neukan. Berak bota zidan, ordea: "Kristorenak egin zizkidatek guardia zibilek".
Andoainera iristen ari ginela, telefono dei bat Martxelori. Juan Jose Ibarretxe orduko lehendakariaren idazkaria zen. Hizketan hasi ziren Ibarretxe eta Martxelo. Honek kalabozoko kontakizuna egin zion, eta esan ere bai beragatik —Ibarretxegatik— guardia zibilek handiak bota zizkiotela.
Andoainen Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Gorka Knörr eta beste ordezkari politiko, sindikal eta kultural esanguratsu batzuk zain zituen otsailaren 26 hartan. Euri zaparrada ari zuen. Hurrengo eguneko Egunero-k zekarren "nekatuta, harrituta, hunkituta, zurbil, begizuloekin..." agertu zela Martxelo, "itxuraz, lasai". Patxi anaiaren aterkipean babestu zen.
2008an Europara jo zuen bestelako babes baten bila. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak joan den urrian jakinarazi zuen epaia: Espainia kondenatu zuen, Martxelo Otamendiren tortura salaketa ez ikertzeagatik.