«Guztiei eragiten dieten murrizketak estali nahi dituzte xenofobiarekin»
Silvia CarrizoEtorkina, Malen Etxeko zuzendaria
«Etorkinei osasunerako sarbidea mugatzearekin, guztiei eragiten dieten murrizketak estali nahi dituzte, xenofobia sustatuta. Mozketen erantzule jo nahi dituzte immigranteak. Gezurra da haiek itotzen dituztela osasun zerbitzuak; datuek diote. Osasun turismoa kontzeptua erabiltzea bera da iraina; eskubide bat da osasuna, ezin da fribolitatez erabili. Babesik gabe geratuko dira etorkinak. Larrialdietara jo beharko dute gaixotzean. Arriskuan daude, ezingo baitiete aurre hartu eritasunei. Aurreratuta daudenean atzemango dizkiete minbiziak eta bihotzekoak».
«Pertsonak gara guztiok, eta denon eskubidea da osasun zerbitzua izatea»
Oumar KaneEtorkina, Mbolo Moye Doole taldeko kidea
«Murrizketa asko egiten ari dira, eta jendearen arreta desbideratu nahi dute etorkinei osasun zerbitzuak mugatzeko iragarpenarekin. Hemen daramatzadan urteetan bost aldiz baino gehiagotan ez naiz joan medikuarena. Krisiaren errua ez da etorkinena. Gehienok gazteak gara, eta gutxiagotan joaten gara medikuarenera. Gezurra da etorkinok itotzen ditugula zerbitzuak. Pertsonak gara guztiok, eta denon eskubidea da osasun zerbitzua izatea. Guztiok egin beharko dugu ahalegina krisitik ateratzeko. Ez da bidezkoa besteei baino gehiago eskatzea etorkinei».
«Min gehien egiten duen lekuan murriztu dute; garestiak dira botikak»
Angel RicoUrola Garaiko diabetikoen elkarteko burua
«Guretzat oso albiste txarra da botikak ordaindu beharra. Min gehien egiten duen lekuan murriztu dute; garestiak dira diabetikoen botikak, beste gaixotasun batzuetakoak baino garestiagoak. Batzuek pastillak soilik dituzte, besteek intsulina... Baina egoera ez da hobetzen, gero eta pastilla gehiago behar izaten dira. Gastua handituko da. Botikekin hasi dira; beldur naiz ez ote duten ospitaleetako egonaldiekin-eta segituko. Hilean lau kafe direla diote; horiek gutxiago hartuko ditugu, eta ekonomiak jasango du. Ekonomia suspertzen beharrean, ahultzen ari dira».
«Pentsioak jaistea da hau, erretiratuok hartzen baitugu botika gehien»
Javier SubizaSasoia jubilatuen elkarteko ordezkaria
«Bilerak egiten hasi gara, erantzuna prestatzen hasteko. Murrizketak ikusita, maiatzerako ari ginen antolatzen, baina orain hau etorri zaigu... Hala ere, erretiratuen %90ek ez dute ezer egiten, etxean geratzen dira. Pentsioak jaitsi egin dituzte, erretiratuok hartzen baitugu botika gehien. Gutxi pagatu beharko dugula diote. Esaiozu zer den gutxi hilean 500 euro kobratzen duen bati; asko daude horrelakoak. Ahulenei erasotzen ari dira, eta badaude aurrezteko beste bide batzuk. Nafarroako Gobernua Madrilgoaren zati gisa ari da jokatzen, PSNren babesarekin».
«Itxaropen gutxi dut: galdutako belaunaldia izango da gurea»
Garazi GarmendiaErizaintzako ikaslea EHUn
«Prezioak igotzea hizpide da ikasleon artean. Publikoa pribatu bihurtzen ari dira. Hezkuntza eskubide bat da, eta gutxi batzuentzako aukera bihurtzen ari dira; ikasketak utzi beharko ditu jendeak. Esan dute EHUn ez dutela prezioa igoko; litekeena da kanpotik etortzea ikasleak, besteetan aukera ez badute. Itxaropen gutxi dut: galdutako belaunaldia izango da gurea. Aurten da erizainen lan eskaintza; azkena izango da urte batzuetan. Murrizketak gehitzen ari dira. Irakasleek esan digute: 'Alor publikoan ez duzue lan egingo'. Europara joan beharko dugu, edo sare pribatura».
«Bologna jarri zutenetik ari gara igoera pairatzen, eta orain areagotuko da»
Gorka AlbenizEnpresa zientzietako ikaslea NUPen
«Lehendik ere ari gara pairatzen murrizketen eragina: ikasle taldeentzat eta horrelakoentzat laguntza gutxiago ematen dituzte. Bolognako prozesua jarri zutenetik ari gara prezioen igoera pairatzen, eta orain areagotu egingo da. Jendeak gaizki pasatuko du. Batzuk lanean ari dira, eta ez dituzte ikasgai guztiak lehenengoan gainditzen; haientzat izorramendu handia da gainditu ezean gehiago ordaintzea. Bekak ez dituzte lehen adina ematen; niri aurten ez didate eman. Espero dut jendea ez dela etxean geratuko. Aurrekoetan mugitu gara, eta orain ezinbestekoa da».