«Elektrokardiograma garaiz egin izan baliote, anaia ez zen hilda egongo»
Josune Zuloaga
Kaltetua
«Epaileak arrazoia eman digu, baina ziur nago orain helegitea jarriko dutela. Ez dute lotsarik». Josune Zuloagaren hitzak dira. Haren anaia 2007ko maiatzean hil zen, eta oraintxe aitortu dio epaile batek medikuen hutsegite bategatik izan zela: bihotzekoa izan eta bi astera egin zioten diagnostikoa. «Elektrokardiograma garaiz egin izan baliote, anaia ez zen hilda egongo. Gurutzetako bihotzeko eritasunen arduradunak aitortu zidan hori». 124.026 euroko kalte-ordaina jasoko dute Zuloagaren seme-alabek. «Dirua gutxienekoa da; guk nahi duguna da halakorik berriro ez gertatzea».
2007ko apirilaren 4an, Zuloagaren anaiak zorabio bat izan, eta kordea galdu zuen. Bezperan, gainera, beherakoarekin egon zen, eta botaka aritu zen. «Mungiako osasun etxera deitu, eta medikua etxera etorri zen. Gastroenteritisa diagnostikatu zion. Halakoetan ohikoa den moduan, dieta idorgarria egiteko eta gazura hartzeko agindu zion». Arratsalde horretan bertan hasi zen bularraldean mina izaten, baita sukarra ere. «Medikuari deitu nion, eta ibuprofenoa emateko agindu zidan». Onera egiten ez zuenez, hurrengo egunetan hiru aldiz itzuli ziren Mungiakoosasun etxera (Bizkaia), eta behin Gurutzetako ospitalera (Barakaldo, Bizkaia). «Nahiz eta bazekiten bularreko mina zuela eta bihotza azkar zebilkiola, ez zioten elektrokardiogramarik egin. Jendeari sinestezina egingo zaio, baina zoritxarrez hala da».
Hilaren 22an berriro galdu zuen kordea, eta Gurutzetako larrialdietara joan ziren. Han egin zioten. «Emaitzak ikustean,ez zioten ezta esertzen ere utzi. Berehala, eraman egin zuten». Handik ordubetera esan zioten Zuloagari zer gertatzen zen: anaiak bihotzekoa izan zuen bi aste lehenago, eta oso larri zegoen. Bihotzaren laurdenak baino ez zion funtzionatzen. «Arduradunak berak esan zidan hutsegite handia izan zela. Ereitxeratu ostean artatu zuten sendagile eta erizainentzat esker oneko hitzak besterik ez dugu; ahal zuten guztia egin zuten anaia sendatzeko».
Egun batzuk igaro eta gero, ikusi zuten onik ateratzeko aukera apurrenetakoa ebakuntza egitea zela, aneurisma bat baitzuen bihotzean. Lehenbizi hori kendu, eta gero transplantea egin behar zioten. Ez zuen lehen ebakuntza gainditu, ordea. Maiatzaren 9an hil zen.
Zuloagak «duintasuna» eskatu die osasun arduradunei. «Gurutzetan izan ginen lehen aldian nire anaia artatu zuenamediku gazte bat zen. Nik ez diot hari errua bota nahi. Baina haren gainekoek erantzun egin beharko lukete. Egiten duten bakarra da elkar estaltzea».
«Semeari zor diogu akats bat izan zela frogatzea; txostenak argiak dira»
Javier Uriarte
Kaltetua
Ibai semea Madrilgo La Paz erietxera egindako beste bisita batetik noiz itzuliko zain dago Javier Uriarte. 2010eko abenduan bost organoren transplantea egin zioten han haurrari. Familiak Osakidetzaren aurkako salaketa jartzea erabaki du, uste baitu sabelean egin zioten ebakuntza batean izandako hutsegiteagatik egin behar izan zizkiotela transplanteak. Gurutzetako erietxean izan zen sabeleko ebakuntza hori. «Orain arte gure lehentasuna Ibai sendatzea izan da. Gaur egun dezente hobeto dago. Beraz, une egokia iruditu zaigu salaketa jartzeko. Semeak borrokatzea zer den erakutsi digu, eta hari zor diogu hutsegitea izan zela frogatzea. Txostenak argiak dira. Kalte-ordain batetik harago, eskatzen dieguna da onar dezatela akatsa eta barkamena eska dezatela».
Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak salaketaren berri izan eta egun gutxira esan zuen «uste osoa» zuela ez zela hutsegiterik izan. Gainera, haserre azaldu zen osagileen profesionaltasuna auzitan jartzeagatik. Uriartek gauza bakarra erantzun dio.«Bengoa haserre badago, pentsa nola gauden gu. Semea hiltzekotan egon zen».
2010eko azaroan, hesteetan tumore bat zuela diagnostikatu zioten Uriarteren semeari. «Ez zen txarra, baina kendu egin behar zioten. Esan zigutenez, ebakuntza ez zen larria». Tumorea oso barruan egon arren, ustez ebakuntza ondo irten zen. Baina haurraren osasun egoera okertzen hasi zen berehala. «Ebakuntza egin eta hiru egunera konturatu ziren funtsezkoak ziren bi arteria moztu zizkiotela eta horren ondorioz hainbat organo oxigenorik gabe geratzen ari zirela. Uste dugu salatzekoa dela bi arteriak moztea, eta are gehiago horretaz ez konturatzea».
Haurraren egoera «oso larria» zela esan zieten. Madrilgo La Paz erietxera eraman behar izan zuten. Haurra sendatzeko aukera bakarra bost organoren transplantea egitea zen: gibelekoa, urdailekoa, duodenokoa, heste mehekoa eta pankreasekoa. «Haur batentzat organo bat topatzea oso zaila bada, pentsa bost. Benetako miraria izan zen».
Orain askoz hobeto dago umea. «Aurrerapauso handiak eman ditu. Dagoeneko kendu dizkiote sudurrean zuen zunda eta kaka eta pixa egiteko zuen poltsa». Dena den, ezin du erabat bizimodu normala egin. «Botika asko hartu behar ditu. Gainera, lau ordu baino ez doa ikastolara, eta maskara bat eraman behar du birusik ez harrapatzeko». Haurrarentzat hori guztia «oso gogorra» dela nabarmendu du Uriartek. «Nork ordainduko digu egindako kaltea?». Hutsegiteak ordaintzen dituen aseguru etxearen kontra jarri dute salaketa. «Abokatuak hala egitea aholkatu digu, prozesua azkarrago joaten baita». Osakidetzako inor ez da jarri haiekin harremanetan. «Irudituko zaie istripua izan zela, baina hala izanda ere gurekin jarri beharko lukete harremanetan».