Komunikabideak

'The New York Times'-ek auzitan jarri du Espainiako hedabideen "inpartzialtasuna"

Azken zazpi urteetan 11.000 kazetarik lana galdu dutela adierazi du AEBetako egunkariak. Gainera, nabarmendu dute pilatutako zorren ondorioz hedabide handiek "independentzia editoriala galdu" dutela.

Pedro J. Ramirezek El Mundo egunkariko zuzendari izateari utzi zion Rajoy eta Barcenasen arteko mezuak zabaldu ostean. ALBERTO MARTíN / EFE
Berria
2015eko azaroaren 6a
11:51
Entzun

The New York Times-en argitaratutako erreportajean, Espainiako prentsaren egoera ikuspegi kritikotik aztertu du Raphael Miner kazetariak. Mundu osoko egunkariek aurre egin behar izan diote teknologia berrien erronkari eta iragarki bidezko irabazien galerari, baina Minerrek azaldu du Espainiako kasua berezia dela.

"Ekaitz perfektu" gisa definitu du Espainian gertatutakoa. Alde batetik, hedabide handiek zor handiak pilatu dituzte, eta, bestetik, Rajoyren gobernuak kritiken aurka izandako jarrera oldarkorra aipatu du Minerrek. Adierazi du Mozal legeak isun handiak aurreikusi dituela polizien bideoak zabaltzeagatik.

Baina zorren gaia da, Minerrentzat, garrantzitsuena. Horrek eragin handia izan du azken urteetan Espainian jasotako ustelkeria auzien hedapenean. El Mundo-ko zuzendari ohi Pedro J. Ramirezen kasua aipatu du. Urteetan Espainiako egunkari garrantzitsuenetako bat zuzendu ostean, kargutik kendu zuten, Mariano Rajoy eta Jose Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren arteko mezu "deseorosoak" publikatu ostean.

Miguel Angel Aguilar kazetariarekin hitz egin du Minerrek. Haren aburuz, hedabide handiak hartzekodunen esku daude, eta horrek medioen sinesgarritasunean eragin du. "Egoera horrek ikarragarrizko eragina izan du herrialde honetako prentsaren sinesgarritasunean". Azken hilabeteetan El País-eko erredakzio batzordeak salatu du egunkariaren webgunean aldatuak agertzen zirela paperean publikatutako hainbat artikulu; besteak beste, Qatarri buruzko bi. Kazetariak gogoratu du Prisa, El País-en jabe den enpresa, Qatarko enpresa batekin negoziatzen ari zela.

Horiek horrela, interneteko medio independente ugari sortu dira, baina hedabide horiek hedapenaren arazoa dute. "Azken ordukoa ematen badugu, ez da kiosko guztietan agertuko balitz bezala", azaldu du Ignacio Escolarrek, Eldiario.es agerkariko editoreak.

Erreportajean, Minerrek mahai gainean jarri du telebista publikoaren egoera. PPren gobernuak egindako lege aldaketen ondorioz, gobernuak zuzenean aukera dezake RTVEko burua. Amnesty International erakundeak hainbatetan salatu du Espainiako hedabide publikoek ez dituztela ematen gobernuaren aurkakoak izan daitezkeen berriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.