Zapi gorria eta alkandora txuria soinean dituztela agertu dira The Simpsons telesail ospetsuko protagonistak atal batean. Iruñeko sanferminak omendu ditu telesailak igandean Amerikako Estatu Batuetako Fox telebista kateak argitaratutako atalean.
Ez zara epaile bat bezala bizi behar izeneko atalean ageri dira senideak lasterka, atalaren hasierako sarreran. Entzierroak, ordea, baditu berezitasunak. Adardun sofa batzuen aurrean egin dute korrika, eta soilik familiako bost kideak dira entzierroan parte hartzen dutenak.
Atal guztien sarreran, autoz harrapatu ohi du Margek Homer, baina, horren ordez, txupinazoa bota eta Iruñean azaldu dira igandeko atalean. Iruñean egin ohi dituzten entzierroak baino laburragoa da telesailean irudikatutakoa, minutu erdi eskasean amaitu baitute.
Merkaderes kalearen itxura duen batean ageri dira korrika, Estafetako bihurgunea dirudiena ere bada (etxe bat dago, ordea, kale bat behar zuen lekuan). Eta zezen plazaren ordez, etxeko sofan bukatu dute ibilbidea.