Moskitoaren arrautzak topatu dituztela jakinarazi du Ane Oiarbide Donostiako Ingurumen zinegotziak. Horregatik, garbiketa egingo dute arrautzak zeunden tokiaren 50 metroko erradioan. Aparkalekua lehenbailehen husteko agindua eman du. "Inguruan bizi direnei hartu beharreko neurrien berri eman diegu", esan du zinegotziak.
Donostiako Udalak tigre moskitoa atzemateko plan berezia garatu du. Izan ere, moskito hori errepide bidez zabaltzen da, eta horregatik, hura topatzeko ahalegin berezia egiten dute merkantziak zabaltzeko erabiltzen diren plataformetan eta turisten ibilgailuak pilatu daitezken tokietan.
Tigre moskitoak Asiako hego ekialdea du berezko bizileku, baina Afrika, Amerika eta Europatik hedatu da 1979. urteaz geroztik. Munduko 100 espezie exotiko inbaditzaile arriskutsuenen zerrendan sailkatu dute zientzialariek, eta osasun publikorako mehatxu handitzat dute, izan duen hedatze azkarrarengatik.
Munduko zenbait ingurutan, gaixotasun arriskutsuen bektore da Tigre moskitoa. Esaterako, Hego eta Erdialdeko Amerikan eta Pazifikoan, dengearena. Tigre moskitoaren arrautzak inguru lehorretan bizirauteko gaitasuna dute, eta, beraz, kautxo lehorrean bidaiatu dezakete; erabilitako neumatikoetan, adibidez. Inguru heze batera iristen direnean, arrautzek eklosionatu egiten dute.
Tigre moskitoaren erradikazioa lan nekeza eta garestia da. Horregatik, prebentzio lana izaten da garrantzitsuena.