Politika

'Time' aldizkariaren arabera, Euskal Herria independentzia lor dezaketen munduko hamar herrialdeen artean dago

Sudan hegoaldeko erreferendumaren harira, besteak beste Eskozia, Tibet, Kurdistan eta Mendebaldeko Sahararekin batera jarri du Euskal Herria Dan Fastenberg kazetariak.

2011ko urtarrilaren 12a
19:35
Entzun
Sudan hegoaldean independentziari buruz egiten ari diren erreferendumaren harira, Time aldizkariak independentzia lor dezaketen munduko hamar herrialderen zerrenda osatu du, eta horien artean sartu Euskal Herria. Beste bederatziak Eskozia, Tibet, Hego Osetia, Kurdistan, Quebec, Mendebaldeko Sahara, Kaskadia, Padania eta Vermont dira.

Dan Fastenberg kazetariak sinatzen du artikulua, eta Euskal Herriari dagokion atalean dio Francisco Francok lortu zuela Espainia nazio bakar baten moduan elkartzea, "indarra erabiliz", eta haren helburu nagusietako bat izan zela beste hizkuntz komunitate batzuk "zanpatzea". 1959an euskara erabiltzea debekatu zuela dio Fastenbergek, eta zenbaitzuen arabera euskaldunak Europako lehen arraza direla jaso du.

Francoren politikaren ondorioz independentzia grinak indarra hartu zuela dio artikuluak, eta horrela sortu zela ETA. Erakunde armatuak ia 820 pertsona hil dituela dio, eta horrek euskal abertzaletasunaren irudia "zikindu" duela. Su-etena eman duela ere jaso du kazetariak, baina irailaren 5eko eraso ekintzen etetea aipatuta. Albistea Egoitz Gonzalezek jaso du Berriketan.info euskarazko sare sozialean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.