Lehen tenoretik autobide zein 2x2 errepide egitasmoen aurka agertu da Jean Mixel Galant Azkarateko auzapez eta Kontseilu Nagusiko hautetsia. Haren ustez, nazioarteko errepide egitasmoa dago jokoan.
1998an baino jende gehiago mobilizatzen ari da orain. Zergatik?
Xedea ez da gaurkoa. Leiak aspalditik esan zuen, ustez Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaia lotu behar dituen xedearen gibelean, Europa mailako proiektu bat gordetzen zela. Batzuek ideia hori aitzinatu genuelarik, anitzek ez ziguten sinetsi. Irailaren 13an, berriz, 3.500 pertsona edo gehiago bildu dira Donibane Garaziko karriketan xedea geldi dadin eskatzeko. Eta ez hori bakarrik. Herriko Etxe anitzek xedearen aurkako jarrera hartu dute. Erran genezake, beraz, sinesgarritasun osoa dugula. Eskualdeen arteko egitasmoa saldu nahi digute, baina jendeak badaki proiektu handia, oso handia, kukutzen dutela.
Mobilizazioek xedea geldituko dute?
Jean Jacques Laserre Kontseilu Nagusiko lehendakariak behin eta berriz adierazi du deus ez dela eginen jendea kontra baldin bada. Hitza hitz. Eta hitza hartzen diot. Proiektuak gero eta kezka zein mobilizazio gehiago eragiten ditu. Orain, sekula baino gehiago, tokiko hautetsiek burua altxatu behar dute, eta beren iritziak argiki adierazi, xedearen alde edo kontra. Garazi-Baigorri Herri elkargoa, alegia deus ez, isil-isilik dago. Lurraren antolakuntza bere eskumen eta eginkizunetarik bat da. Bere jarrera azaldu behar du, denbora gehiago pasatzera utzi gabe.
Hautetsi gisa zer egin duzu xedearen kontra?
Hastapenetik proiektuaren kontra agertu naiz. Kontseilu Nagusiko hautetsi gisa bi aldiz mintzatu naiz Pauen. Lehenik, Arnegitik Saliseraino 2x2 errepidea egiteko ikerketaren inguruko eztabaida izan zen. Orduan ere 2x2 errepidearen gibelean dagoen nazioarteko autobidearen xedea kukutu zuten. Zuri bozkatu nuen lehen aldian. Arrazoiak argi zeuden: ikerketa batek atal guziak hartu behar ditu kontuan, ez soilik eragin ditzakeen kalteak, ekarri beharko lituzkeen onurak ere bat. Eta horiek zehazteko eskatzen nuen. Bistan da: eskakizun hori ikerketatik at gelditu da; ez dira onurak zerrendatuko, eta aski adierazgarria da. Martxoanaurrekontuak bozkatu ziren. Orotara Kontseilu Nagusiak 500.000 euro jarri behar ditu. Kontra bozkatu nuen. Nola da posible aitzinatzea tokiko hautetsiei iritzia eskatu gabe?
Protesta eremu berrietara heltzen ari da?
Europan lehentasuna eman zaio burdinbideari. Barnealde honetan ezkerra 2x2koaren aurka agertu da berriki, baita Intxuspe bera ere. Alde guztietarik ahotsak altxatzen dira xedearen aurka, eta hautetsi zein alderdiek jarrera agertu behar dute. Indarra badugu xedea deuseztatzeko. Funtsean nazioarteko bidea egin nahi dutelako, Europa osoko kamioiak hemendik pasarazteko.
Azpiegiturak hobetzea ez ote da beharrezkoa?
Iruñerako bidea hobetzea balitz xedea, alde nengoke. Ez soilik Arnegitik. Baita Aldude, Ainhoa eta bertze zenbait lekutatik ere. Baina ez da hori helburua, nazioarteko errepidea baizik. Onurarik ez digu ekarriko horrek. Kontseilu Nagusiak ongi gordetzen du jokoa. Autobideari ezetza eman behar izan zion 1998an, bideak hobetzeari lehentasuna emanez. Gero 2x2 xedea bilakatu da. Zer da hori? Eleetan gordetzen dituzte egiazko asmoak.
Saihesbideen inguruan taldeak antolatzen ari dira. Zergatik?
Tenore berean saihesbideen beharra eta egitasmoak plazaratzen dira. Maleruski, bi eztabaidak nahasi dira, ezberdinak direlarik. Saihesbidearen egitasmoa begi onez ikusiko nuke, Donibane Garazi ezin bizia baita udan. Baina gauza bat da hori eta bertzelakoa 2x2a. Saihesbide egitasmoaren planoak 2x2aren pasabidean kokatzen dira. Hotzean ikusirik, erran daiteke 2x2koaren pasabidea aitzinatzen ari direla, saihesbidea egokitze lanak aitzinatzen dituelako. Saihesbidea Izpuraren iparraldetik eginez gero, litekeena da ondoren plantan ematea 2x2koa. Alta, bertze xederik bada saihesbidea egiteko, Donibane Garaziko hegoaldetik. Horrek hobeki ihardetsiko lioke saihesbidearen beharrari. Baina Kontseilu Nagusiak iparraldekoa bultzatzen du, bi txostenak uztartzen dituelako helburua erdiesteko.
PIRINIOEZ GAINDIKO ERREPIDEA
«Tokiko hautetsiek burua altxatu behar dute eta iritzia adierazi»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu