Tokikomek eta Topaguneak Tokikom jardunaldia antolatu dute ekainaren 15erako Arrasaten, Zer egitura komunikatibo behar du euskal hiztun komunitateak? galderari erantzuten saiatzeko asmoz. Gogoeta teoriko-praktikoa egin nahi dute, Euskal Herriko eta kanpoko aditu eta arituen eskutik.
Jardunaldiaren antolatzaileen arabera, azken hamarkadan "aldaketa erraldoiak" gertatzen ari dira hedabideen alorrean. Esan dutenez, Interneten hedapenak goitik behera aldatu ditu informazioa kontsumitzeko ohiturak, eta horrek eskaintza egokitzeko beharra ekarri du.
Hedabide analogikoetatik digitaletarako trantsizio garai honetan, komunikabideek errentagarri izateko zailtasun handiak dituzte, horren azkar aldatzen ari den testuingurura egokitzeko formula aurkitu ezinik. Hori gutxi balitz, krisi ekonomikoak ere publizitate inbertsioaren beherakada nabarmena ekarri du, eta kolokan jarri du orain arteko diru iturri nagusienetakoa.
Tokikomek eta Topaguneak adierazi dutenez, euskal hedabideek ere zuzen-zuzenean paraitu dituzte krisi zein globalizazioaren ondorioak, haien arazo bereziari gehitu zaizkionak: atomizazioa, merkatu mugatua, erdarazko egitura handiekin lehiatu beharra. Testuinguru horretan, euskal hedabideak elkarlaneko dinamika batean murgildu dira berriki, etorkizuneko erronkei aurre egiteko baliabide eta estrategiak elkarrekin garatzeko. "Zailtasunak zailtasun, une zirraragarri eta itxaropentsuak bizi dira gaur egun sektorean", esan dute.