Agerraldia egin du Iñaki Errazkinek gaur Donostian hondakinen gaikako bilketan azken hilabeteotan Gipuzkoan izan den bilakaera erakusteko: "Datuak ikusgarriak dira". Bi nabarmendu ditu: 2014an 2013an baino ia 20.000 tona errefus gutxiago bildu ziren, eta gorakada nabarmenean jarraitu zuen bildutako hondakin organikoak: 25.362 tona jaso ziren, 2013an baino ia 10.000 gehiago. Azaldu du Tolosaldeko eta Sasietako mankomunitateak jada ari direla gaikako bilketan %60ko ehunekoa gaindituta, alegia 2016rako herrialde osorako jarritako portzentajetik gora.
Hitz gogorrak izan ditu EH Bilduk hondakinen auzian duen jarrera gaitzesten duten alderdientzat. "Datuetan oinarritu behar da hondakinen gaineko eztabaida", nabarmendu du diputatuak, eta, horregatik, gaikako bilketak eman dituen emaitzak eredu hartuta, gogor arbuiatu ditu EAJk eta PSE-EEk egunotan errauste plantaren egitasmoa bertan behera uzteari buruz aldundiari egindako kritikak. Hautesleei zuzenduriko mezuetan hesituta aritzea egotzi die bi alderdiei. Izan ere, errauste plantak egungo datuekin inolako zentzurik ez lukeela oroitarazi du, eta plana egin zutenean ere handiegi diseinatu zutela, Gipuzkoako benetako premietan pentsatu gabe. Eta horren kontraesanak agerikoak direla nabarmendu du: “EAJri eta PSE-EEri Zubietako erraustegia egingo luketen galdetzen zaienean, ez dira erantzuteko gai”.
Oroitarazi du aurreko legealdian agintean egon ziren politikarien nahia izan zela egitasmoa atzera bueltarik gabekoa izatea —bankuekin hitzartutako maileguan onartu zituzten 'swap' produktuak horren ondorio izan zirela adierazi du—, eta, beraz, horiek ekarri duten zama ekonomikoa jardunbide haren emaitza dela. Berriki epai bat jaso du GHK-k maileguaren gaineko produktu horien gaineko dirutza pagatzen jarritu jarraitu behar duela esanez, baina horren kontrako helegitea jarriko dutela jakinarazi du Errazkinek. "Ez gaude ados sententziarekin".