1983ko urriaren 15ean bahitu zituzten Baionan Joxean Lasa eta Joxi Zabala, eta 31. urteurrenaren egunean egin dute bi gazteen sorterrian, Tolosan, Lasa eta Zabala filmaren aurre estreinaldia. Bertan izan dira bien senideak eta ordezkari politiko ugari; Tolosako Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, besteak beste. Baita filmaren zuzendari Pablo Malo eta Kristian Mertxan eta Jon Anza aktore protagonistak ere.
Aretoan, Pili Zabala Joxi Zabala zenaren arrebak hartu du hitza. "Denon memoria, denon justizia, denon aitortza" aldarrikatu du, eta horretarako, filma baliagarria izatea espero du. Pablo Malo zuzendariak adierazi duenez, "film gogorra dela esaten dute, baina horrela izan beharra dauka bai familiarengatik eta baita beraiengatik ere".
Ibai Iriarte Tolosako alkatea ere mintzatu da: "Filma herri honetan gertatu den gertaera bat da, eta aurrera begira horrelakorik ez gertatzeko balio behar du. Etorkizunerako zutabe bat eraikitzeko balio dezala".
Bestetik, EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak nabarmendu du PSOEk "bere zoru etikoa La Cumbren" idatzi zuela —bertan torturatu zituzten gazteak—, "Lasaren eta Zabalaren torturapeko garrasien artean". Hortaz, PSOEk "etika lezioak emateko" gaitasunik ez duela erantsi du Arzuagak.