Larriki eri dauden euskal preso guztiak aska ditzatela aldarrikatzeko eta bereziki Ventura Tome Tafallako presoaren askatasuna eskatzeko, manifestazio bat egin dute gaur arratsaldean Iruñean ehunka lagunek. CGT, ESK, LAB eta ELA sindikatuetako kideek eraman dute pankarta, herri mugimenduko elkarteekin batera. Ezkerrak ere hartu du parte.
Eguerdian, Ibon Fernandez Iradi euskal preso gaixoa aske utzi dezatela eskatzeko lagun ugari bildu da gaur haren herrian: Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Presoaren espetxe zigorra bertan behera uzteko eskaera onartu du Parisko Auzitegiak, baina epaileak jarritako bi baldintzen ondorioz, haren askatasuna "hilabete askoan" atzeratu daiteke, Maritxu Paulus Basurco abokatuaren esanetan.
Fernandez Iradirena ez ezik, larri gaixorik diren euskal preso guztiak libre uzteko eskatu dute Lasarte-Oriako elkarretaratzean. "Patologia hauek dituzten presoak hala mantentzea giza eskubideekin lotutako arazo bat da. Izan ere, presondegiek gaixoen tratamendua zaildu eta gaixotasuna okertzen dute. Frantziako eta Espainiako estatuetan preso gaixoek kartzelan jarraitu beharko ez luketela dioten legeak egon badaude", esan du Jabi Hernando medikuak.
Esklerosi anizkoitza du Fernandez Iradik eta, eritasun hori egoki artatzeko, neurologo, psikiatra, logopeda, oftalmologo eta fisioterapeuta talde baten tratamendu berezia behar du.
Hilaren 29an, 20:00etan, mobilizazio bat egingo dute Lasarte-Orian gaixorik diren presoen eskubideen alde.