Espainiako Poliziak tona bat kokaina atzeman du Vianan (Nafarroa), izoztutako frutarekin batera nahastuta 110 bidoitan. Zazpi lagun atxilotu ditu operazioan. Poliziaren arabera, kokaina hori dena merkatuan salduz gero, 30 milioi euroko negozioa lukete.
Ikerketa iturriek diote droga 2009ko abenduaren 12an atera zutela Kolonbiatik, Buenaventuratik, itsasontzi bidez. Handik Panamara eraman zuten, Balboara. Panamatik Espainiara igorri zuten itsasontziz, Algecirasko portura; horra abenduaren 30ean heldu ziren mila kiloak. Droga beste ontzi batera pasatu eta Bilbora urtarrilaren 14ra iritsi zen.
Errepidez Arabara eraman zuten, eta urtarrilaren 27an Vianako industria pabilioi batera. Polizia bertara sartu da eta bost lagun kokaina manipulatzen harrapatu ditu. Beste bi lagunak Espainian (Mijas, Malaga) eta Herrialde Katalanetan (Alacant) atxilotu dituzte.
Drogaz gain, 5.500 euro, pasaporte faltsuak edota dokumentazio ugari atzeman dizkiete, betiere polizia iturrien arabera. Poliziak dio 2008an hasi zutela ikerketa, eta Ekuador, Peru eta Kolonbiako harreman komertzialei esker aduanetako kontrolak saihestuz sartzen zutela droga Europan.
gizartea
Tona bat kokaina atzeman du Espainiako Poliziak Vianan
Droga abenduaren 12an atera zuten Kolonbiatik, handik Panamara eraman zuten, gero Espainiara eta ondoren Bilbora. Zazpi lagun atxilotu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu