Orain arte egindakoari buruz hausnartu, oinarriei erreparatu, eta aurrera begirako iparra zehaztu du Topaguneak. Duela urtebete hausnarketa prozesua abiatu, eta kongresua egin zuen atzo Euskaldunon Elkarteen Mugimenduak Bilbon. «Eragiletzan sakontzea» erabaki zuen biltzarrean. Duen ahalmena baliatu, eta ahal duen guztian eragitea.Orain arte egindako lanaren balioa ere nabarmendu zuten, ezer baino lehen, Bilboko Alhondegian bildutako 206 pertsonek.
Euskarazko herri komunikabideen eskutik, herri mailako kulturgintza aberasteko gunetik, aisialdirako egindako eskaintza zabaletik, mintzapraktika egitasmoetatik eta sentsibilizazio alorretik egindako ekarpenak jarri zituzten adibide. «Horri jarraipena eman beharra eta bide horretan sakondu beharra da atera dugun lehen ondorioa», azaldu zuen Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak goizean egindako atsedenaldian.
Mende laurdena baino gehiago igaro dadagoeneko euskara elkarteak sortu eta lanean hasi zirela. 1983an sortu zen lehen elkartea, eta ordutik, herriz herri hedatuz joan dira euskaldunen bilguneak, mugimendu oso bat osatzeraino. Asko aldatu da egoera ordutik. Herri mailako lanean hasi ziren elkarteak elkarlanean ari dira orain, ikuspegi zabalagoarekin. 96 elkartek osatzen dute Topagunea, 20.000 bazkide ditu mugimenduak, 450 langile eta 1.400 boluntario. Ekimen sorta oparoa du. Ibilian ibilian osatuz joan dira. Baina, mende laurdenaren ondoren, hausnarketa sakona egin beharra sentitu dute Topaguneko kideek.
Euskaraz bizitzeko aukerak eta baldintzak sortzea du helburu Euskaldunon Elkarteen Mugimenduak, eta, bide horretan, «euskaldunek behar dituzten arnasguneak antolatzea eta zaintzea» lehentasunezko eginbehartzat jarri dute. «Euskaldungoak euskaraz bizitzeko baldintzak izan ditzan, euskararentzat espazio eta funtzio hegemonikoak behar dira», ondorioztatu dute. Hortaz, horiek sustatzen jarriko dute indarra hurrengo urteetan. Orain arte egindako bide horretan sakontzea erabaki dute.
Mendizabalek adierazi duenez, «euskaldunak trinkotzea» da Topagunearen xede. Baina, horretarako, euskaldunak ez direnen laguntza ere behar da. Erdaldunekin harremanak sakondu nahi dituzte hargatik. «Hizkuntza gutxitua gara eta herri honetan euskaraz ez dakiten edo gutxi dakiten lagun asko daude. Baina ikusi dugu euskalgintzari hauspoa eta sostengua eman dioten milaka erdaldun egon direla eta aurrerantzean ere nahi genuke elkarrizketa eta lankidetza hori lan ildo berriekin sakontzea», azaldu du. «Elkarren premiatik eta aitortzatik abiatu nahi dira harreman honetan sakontzeko lan ildo berriak», jasotzen du eztabaidarako erabilitako txostenak.
Jakintzari eta ezagutzari ere orain arte baino leku handiagoa eman nahi diote Topaguneko ordezkariek. Hain zuzen, eragite lanari dagokionean jakintzak eta ezagutzak hizkuntzaren biziberritzean duten garrantziaz ohartarazi dute. «Ezagutzaren transmisioan sakondu beharra» nabarmendu dute, hargatik.
Mendizabalek azaldu duenez, euskal hiztunak batu eta herri bizitzako sektoreetan eragiten jardun dira elkarteak orain arte. Baina ohartu dira 20.000 bazkide daukan mugimenduak, herriz herri ez ezik, zeregin garrantzitsua duela Euskal Herri euskaldun bat osatzeko zereginean, «hori ezin dugulako utzi ez alderdien ez instituzioen esku». Mendizabalen hitzetan, ez dira horiek izan herria euskalduntzeko aitzindari. Beraz, etorkizunean ere, horiei presio egiten jarraitu beharra izango dela ohartarazi du.
Horregatik landu nahi dute gehiago formazioa. «Gure burua jantzi eta etengabeko gogoeta bideratu behar dugu irakurketa egokiak egin ahal izateko eta soziolinguistikan eta jakintzan oinarritutako proposamenak egin ahal izateko». Hori dela eta, bazkideentzat formaziorako eta barne transmisiorako mekanismo berrietan sakontzea erabaki dute.
Karmen Irizar Topaguneko lehendakariak kongresuaren xede nagusia laburbildu du: «Topagunea osatzen dugun 96 elkartek berretsi dugu euskaraz bizitzeko hautu kontzientea egin dugun euskaldunen bilgunea izaten segitu nahi dugula, bilgune berriak sortu nahi ditugula, eta batez ere gizarte mailan zein politika mailan ere eragitekoasmoarekin egingo dugula lana aurrerantzean».
Horixe da, hain zuzen, XXI. mendeko Euskaldunon Elkarteen mugimenduaren Kongresuak Oinarriparrak txostena eztabaidatu ondoren hartutako erabaki orokorra: «Euskaraz bizitzeko haututik eragiletzan sakontzea erabaki du».
Instituzioekiko elkarlana
Bide horretan, erakundeekin elkarlanean aritzeko asmoa du mugimenduak. Eta elkarlan on bat lortu daitekeela uste dute sustatzaileek; horretan saiatuko direla, behintzat. «Borondatea guztiek azaltzen dute; beste kontu bat da hizkuntzaren berreskurapenak zientifikoki eskatzen dituen neurriak zenbateraino diren bateragarriakhorrekin».
Beraz, instituzioen ekarpenak behar den bidean egin daitezen, «planteamendu berriak» egitea aurreikusten du Topaguneak. «Orain arte hartu ez diren neurriak» eskatuko dituela ohartarazi du Irizarrek. «Kalitatea» ere eskatuko dela. «Ikusiko dugu ea horri erantzuteko prest dauden, baina bestela, jakin dezatela hor eragiteko asmoz arituko garela».
Edozein kasutan, instituzioekin elkarlanean aritzeko asmoari eutsi diote euskara elkarteek eta Topaguneak eta udalekin, foru aldundiekin zein Eusko Jaurlaritzarekin «lankidetzarako egitasmo asko» dituztela ziurtatu dute, besteen artean.
15 adituk egin eta 250 lagunen ekarpenekin osatutako txostena luze eztabaidatu eta atzo horri buruzko erabakiak hartu ondoren, horiek praktikara eramaten jardungo dute euskara elkarteek datozen hilabeteetan.
Topaguneak orain arte izan duen eragina areagotzeko apustua egin du
Orain artekoari buruz hausnartu eta aurrera begirako erronkei buruz aritu dira Bilbon 200 lagun, Kongresuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu