Topagunearen gutuna

2012ko abenduaren 22a
15:48
Entzun

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko lankideok gutun honen bidez salatu nahi dugu Abadiñoko udalak, bere alkatearen bidez, azken hilabeteetan gurekin izandako jokaera. Jokaera horren ondorioz, Topaguneak Abadiño herria utzi du 2012ko abenduan eta Durangora eraman du bere egoitza. Abadiñoko alkateak zuzendutako jazarpen baten biktima izan gara eta hori azaldu nahi dizuegu ondoko lerroetan.

Topaguneak 2001 urtetik izan du egoitza Abadiñon, urte hartan orduko udal arduradunekin eta Construcciones Atxarte enpresarekin egindako akordioari esker. Hamar urteotan gustura egon gara Abadiñon gure lana garatzen, inguruko auzotarrekin giro onean eta udalarekin inongo arazorik izan gabe. 2012ko udaberritik aurrera berriz, auzokide baten ustezko salaketa batzuen eraginez alkateak jazarpen onartezina egin dio herrian 20 lanpostu eta jarduera ekonomikoa ekarri dion erakunde honi. Ustezko salaketa diogu, Topaguneak momentu batean ere ez duelako salaketa horien kopiarik jaso, beraz, salaketa horien konstantziarik ez daukagulako.  

Auzokidearen hitza oinarri hartuta, eta ustezko salaketaren egiazkotasuna frogatzeko inolako ahaleginik egin gabe, era guztietako neurriak (batzuk legezkoak, beste batzuk zalantzazkoak edo zuzen-zuzenean legez kanpokoak) martxan jarri ditu alkateak jazarpena gauzatzeko. Gure lan-jardun ordutegia mugatzeko eskaria egin digu (eta guk errespetatu), bilera gelatan alfonbrak jartzeko eskatu digu (eta guk bete), udalak urtetan mantendu duen lagapena bertan behera utzi du (eta guk jabearekin tratu zuzena egin dugu bertan jarraitu ahal izateko) eta inori eskatzen ez zaizkion ingurugiro-agiri eta txostenak eskatu dizkigu, behar bezala erantzuteko denborarik eman gabe. Adibide batzuk dira, baina beste asko daude eta batzuk larriak dira: urriaren 25ean lantaldeko zortzi lagun ari ginen bulegoan lanean, gure funtzionamenduan onartua daukagun aukerari jarraituz, eta alkateak udaltzaingoa bidali zuen bulegora bertan geunden guztiak irtetzeko aginduz (lanleku pribatu batean, udalak inongo eskumenik ez duen espazio batean, egotea galeraziz); eta azkena, abenduaren 17an 10 eguneko epean lanlekutik irteteko agindua zuen alkatetza dekretua jaso genuen.

Bitartean, aipatutako auzokidearen presioa ere nabarmentzekoa izan da. Inongo frogarik gabeko salaketa faltsuak jartzeaz gain, egunero-egunero sentitu dugu bere presio jasanezina. Era berean, gainontzeko auzokideen aldetik jaso dugun babesa ere aipatu eta eskertu nahi genuke lerro hauetan.

Azkenik, azken bi hilabetetan gure bulegorako sarrerako atea birritan aurkitu dugu saboteatuta, zotz eta pegamentuz izorratuta. Behar den lekuan jarri dugu honen gaineko salaketa.

Eta horrek guztiak eraginda... bagoaz, Durangora goaz. Abadiñoko alkateak (eta ez Abadiñoko herritarrek) bere herrian 20 lanpostu dituen enpresa baten lana oztopatu nahi duela ikusita, bagoaz. Azken hilabeteetan jasan dugun presio eta jazarpen guztiz gaitzesgarri hau ahaztu nahian, bagoaz. Zorionez, Durangoko udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzari esker, badugu nora joan eta beraz, 2013ko urtarriletik aurrera, Topagunearen jarduera Durangon garatu ahal izango dugu.

Iker Martinez de Lagos eta Joxe Rojas Granja, Topaguneko lankideen izenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.