Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentea Euskal Herrian izango da bi aste barru. Catalunya: burujabetza, demokrazia, askatasuna izeneko hitzaldia emango du azaroaren 14an, 19:00etan, Donostiako Kursaal jauregiko auditoriumean. Gure Esku Dago-k antolatu du solasaldia, eta azaldu dute "Kataluniako errealitatea hobeto ezagutzeko aukera" izango dela, "zuzenean". "Kataluniako prozesuaren, egungo egoeraren gogoetak eta aurrera begirako ikuspegia partekatuko ditu Torra presidenteak bertaratzen diren ikus-entzuleekin".
[#AZKENORDUKOA] Quim Torra Generalitateko presidenteak (@QuimTorraiPla) hitzaldia emango du Donostiako Kursaalen @GureEskuDago|k gonbidatuta.
— Gure Esku Dago (@GureEskuDago) 2018(e)ko urriaren 30(a)
âÂœÂÂÂï¸Â Izen-emateak: https://t.co/HyDUKejGX4pic.twitter.com/3SnOeREb40
1.806 lagun baino gehiago ez dira sartzen areto horretan, eta, beraz, izena emateko aholkatu du Gure Esku Dago-k. Beren webgunean jarri dute horretarako aukera —ekitaldiko kartelaren gainean klik egin eta formularioa beteta—: www.gureeskudago.eus.
Ez da edozein unetan etorriko Torra Euskal Herrira. Aste horretan bertan, azaroren 18an, hainbat galdeketa egingo dituzte; besteak beste, Donostian —hiriburu batean egingo den lehenengoa izango da—.
Azaroaren 14an bertan, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk ere hartuko du Kataluniako Generalitateko presidentea. Generalitateko iturriek azaldu dutenez, Gasteizen izango da bilera, Lehendakaritzan, Torra presidente izendatu zutenetik lehenengoa.
Sarerekin bilera
Azken hilabeteotan instituzio eta erakundeekin egiten ari den bilera biraren testuinguruan elkartu zen atzo Sareko, euskal presoen eskubideen aldeko plataformako, bozeramaile Joseba Azkarraga Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentearekin. Asmoa dute "ahalik eta erakunde eta eragile pluralengana" heltzea, eta bilkura sorta horren barruan zuten hitzordua, Bartzelonan. "Bilera positiboa izan da, eta Torrak harmen handiz jaso du euskal presoen berri", azaldu zuen Azkarragak solasaldiaren ostean.