TORTURA. Atxiloaldia une oro kameraz grabatzea proposatu du Aralarrek

Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan aurkeztu du ekimena, Kongresura bidera dezaten

IZARO ARROITA - DONOSTIA
2005eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Atxiloturik, atxikirik edota Polizia egoitzetan dauden pertsonen eskubideei buruzko Lege Ekimena aurkeztu du Aralarrek Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan. Aralarreko kide Aintzane Ezenarrok eta Patxi Zabaletak atzo Donostian emandako prentsaurrekoan azaldu zutenez, Aralarren helburua da bi Parlamentuek Hego Euskal Herriko gizartearen izenean Prozedura Kriminaleko Legea aldatzeko eskatzea Espainiako Kongresuari, Lege Ekimenerako ahalmena erabiliz. Legearen 489. artikulua osatu nahi du Aralarrek, paragrafo bat gehituz, «legeak jaso dezan atxilotuak une oro grabatuak izango direla eta, beraz, torturaren kontrako neurri eraginkorrak hartuko direla». Grabazioak une oro guardiako epailearen, defentsaren eta akusazioaren eskura egon behar dutela argitu zuten.

Ezenarrok azaldu zuen azkenaldian, Espainian asko hazi dela torturen inguruko sentiberatasuna eta alarma, baina pisu politikoa duela lege aldaketa euskal erakundeek eskatzeak, «euskal gizartea beti izan baita bereziki sentibera gai horrekiko».Ildo horretan, Zabaletak gogora ekarri zituen Mikel Zabalzaren, Joxe Arregiren, Almeriako, Naniren eta Roquetasko kasuak. Zizeronen «tiranoa hil da, baina ez tirania» hitzekin azaldu zuen ez dela nahikoa Guardia Zibilaren zuzendaria kargutik kentzea.

Tratu txarrak eta torturak izateko aukera erauzi behar dela adierazi zuen Zabaletak eta «teknikoki posible eta juridikoki komenigarri» iritzi zion proposatutako neurriari. Jurisdikzio zibilean etengabeko grabaketa ezarria dagoela azaldu zuen, eta zigor jurisdikzioan berdin jokatu behar dela. «Behar bada, jurisdikzio zibila aberatsen eskubidea delako izango da».

Bestalde, Ezenarrok azpimarratu zuen Aralarren proposamenak bat egiten duela Amnistia Internazionalek eta torturaren aurkako taldeek historikoki egin duten eskariarekin eta Arartekoak 2003an egindako gomendioarekin. «Giza eskubideen aldeko talde guztiek esan izan dute Espainian oraindik tortura ohikoa dela eta neurriak hartu behar direla zigorgabetasun eremuak gainditzeko».

Ezenarrok gogorarazi zuen 2003an Herrizaingo Sailak grabaketak egiteko gomendioa onartu zuela, baina oraindik ez duela praktikan jarri.Gainera, proposamenak Aralarrek inbestidura saioan hirukoari ezarri zizkion gutxiengoekin bat egiten duela azaldu zuen Ezenarrok. Inkomunikazioa gainditzeko eskatu zion hirukoari, eta gainditu ezean, Ertzaintzaren polizia-etxeetan kamerak jarri zitzala atxilotuak egoten diren eremu guztietan. «Orduan Barne Sailari eskatzen genion ez erabiltzeko legeak ematen zuen aukera hori; gaur eskatzen dugu lege horren aldaketa eskatzeko guztion artean». Inbestiduran ezezkoa jaso bazuen ere, hirukoa eta «giza eskubideen babesletzat agertzen diren alderdiak» aldaketaren aldeko izatea espero du Aralarrek .

Alderdien mahaia

Zabaletak azaldu zuen alderdien mahaia datorren astean bildu litekeela, borondatea izanez gero. «Nahikoa da Eztabaidagunearen mahaia eta Eginoko mahaia elkartu eta bat egitea».

Mahaia bideratzeko ez dela aurrebaldintzarik eta bazterketarik onartu behar adierazi zuen. «Elkarrizketak aurrera egin ahala, beharrezkoa izango da su etena eta Estatuaren aldetik beste jarrera bat presoekiko eta baita beste eskubide zibilen hainbat arlotan ere».

-

Legea





489

Prozedura Kriminaleko Legearen 489. artikuluari bigarren paragrafo bat gehitu nahi dio Aralarrek, atxilotuen giza eskubideen bermea indartzeko.

Prozedura: Parlamentuen Lege Ekimenerako ahalmena baliatu nahi dute aldaketa proposamena Kongresura helarazteko.

Gehikuntza: «Atxiloturik dagoen pertsona oro eten barik grabaturik izango da, Poliziaren egoitzan sartzen denetik epailearen aurrera eroana edo libre utzia izan arte. Guardiako epaileak une oro izango du grabazio hori ikusteko aukera. Atxiloturiko pertsonaren grabazioa atxiloketa egiteko izan diren zigor eginbideen zati izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.