Nahiz eta nazioarteko erakundeek fermuki debekatu torturak, testuingurua eta arrazoiak zoinahi izanik ere, “hala ere demokrazia batzuetan praktikatzen da”. Goiz honetan egin aurkezpenean, Eneritz Zabaleta Baionako Unibertsitateko antolatzaileak aitzinatu du jardunaldietan Ameriketako Estatu Batuetako, Aljeriako eta Euskal Herriko kasuak aipatuko direla. Formatua azpimarratu nahi izan du Zabaletak, hitzaldiak baino, mahai inguruak izanen direlako. Apirilaren 9an, Maritxu Basurco eta Xantiana Cachenaut euskal abokatuak, Caroline Cerda-Guzman Montpellier III unibertsitateko irakaslea, Jon Landa EHUko zuzenbide irakaslea, Sandrine Lefranc CNRSeko ikerlaria, Alexandre Rios Bordes historiako doktorea eta Juergen Schurr GKEko jurista elkartuko dituzte inpunitatearen eraikuntza aipatzeko.
Baionako beste mahai inguruetan ere aipagai izanen da torturaren inguruko inpunitatea eta horri nola aurre egin ikertuko dute. Zehazki, apirilaren 8, 9, 10 eta 11n izanen dira mahai inguruak —azken egunean foro publikoa izanen da— Baionako fakultatean. Jardunaldien segida Pauen iraganen da, eta orduan torturen eta genozidioen inguruko auzietan zentratuko dira parte hartzaileak. Partaidetza horrek lehen saioa ukanen du beraz, Baionan, baina, lau urte iraunen duenez ,geroan ere beste jardunaldiak antolatuko dituzte.