TORTURAK

Tortura kasu gehiago izan zen iaz, atxiloketa gutxiago izan arren

2004an 138 euskal herritarri inkomunikaziopeko atxiloketa ezarri zaie eta 57 tortura kasu salatu dira; 2003arekin alderatuz, 72 inkomunikazio gutxiago egon badira ere, 5 tortura salaketa gehiago aurkeztu dira

ANE ZABALA LLONA - DONOSTIA
2005eko otsailaren 8a
00:00
Entzun
2004an inkomunikaziopeko atxiloketak jaitsi diren arren, egoera horretan jasandako tortura kasuak igo egin dira. 2003an 52 salaketa aurkeztu baziren eta 2004an, berriz, 57 . Hauetatik, Espainiako Poliziari 35 tortura kasu egotzi zitzaizkion eta Guardia Zibilari, aldiz 22.

Torturaren Aurkako Taldearen arabera, 2003an 210 euskal herritar atxilotu zituzten inkomunikaziopean. 2004an, berriz, 138 lagun inkomunikatu zituzten. Horietatik, Ertzaintzak 6 inkomunikaziopeko atxiloketa egin zituen, Polizia Nazionalak 46, Guardia Zibilak 24, Frantziako Poliziak 58 eta Belgikako Poliziak 4. Egindako tortura salaketekin, erreforma helegiteak jartzen dira. Aurten, 62 erantzun jaso eta horietatik 61 ukatu eta artxibatu dituzte. Horrez gain, Aiert Larrarte TATeko kidearen arabera, «urteak pasatzen dira salaketa jarri eta erantzun bat jaso arte». Auzitegi Konstituzionalari dagokionez, berriz, 4 helegite jarri eta guztiak ukatu dituzte. Espainiako instantzia denak agortu ostean, Europara jotzea besterik ez da gelditzen. Datuok, Hernanin Hernanin atzo emandako prentsaurreko baten bitartez jakinarazi zituen TATek.Alaitz Jauregi TATeko kidearen esanetan, «tortura profesionalizatzen ari dira eta markarik ez uzteko metodoak erabiltzen dituzte». Hala, gorputz polizial denek torturak erabiltzen dituztela salatu zuen. Bi tortura mota erabiltzen dira, bata fisikoa eta bestea psikikoa. Jauregiren ustez, «psikologikoak beti uzten da bigarren maila, baina fisikoak bezain gogorrak dira». TATen datuen arabera, gaur egun tortura fisikoa egiteko zenbait metodo erabiltzen dira: kolpeak, etsipen fisikoa, deskarga elektrikoak... Poltsa eta bainera itomen teknikak ere erabiltzen dira, Jauregiren esanetan, «ez baitute markarik uzten». Bortxaketak ere izan ohi dira, «iaz horrelako kasu bat izan zen, neska bati arma kargatu bat sartu zioten baginan, gainera ukimenak beti izaten dira». Tortura psikikoak ere sarri ezartzen dira. Atxilotuak biluzik egoten dira gehienetan, begiak estalirik edo lurrera begira eta mehatxuak, irainak eta polizia ona eta txarraren arteko dikotomiaren erabilera etengabekoak izaten dira. Tortura simulazioak ere egiten dira, «bainera eta elektrodoak erakusten dituzte besteak beste».

Nazioarteko gomendioak

Nazioartean torturaren gaia jorratzen duten erakundeek ateratako txostenean, Espainian torturatzen dela salatu dute. Hala, tortura ahalbideratzen duen elementu nagusia inkomunikazioa dela, Espainian tortura salaketak behar bezala ikertzen ez direla eta Espainiako Gobernuak torturarekin amaitzeko neurri eraginkorri hartzen ez duela salatu dute erakundeok.

Horren harira, Theo Van Boren nazioarteko ordezkariak, 2 txosten egin ditu Espainiari buruz, baina Torturaren Aurkako Taldearen arabera, «errelatorea bera eta bere iturriak desitxuratu nahi izan dituzte». Hala ere, ez da errelatorea Espainiako torturak salatu dituen bakarra. Amnesty Internationalek ere, 2003ko datuak kontuan hartuz egindako balorazioetan, Espainiaren «jarrera ez-demokratikoak salatu baititu».

-

TAT



 

«Euskal Herriko torturekin ez da albistegirik ireki»





2004ko torturaren inguruko datuen balorazioa egiterakoan, Aiert Larrarte TATeko kideak gobernu aldaketa ekarri zuen gogora. Haren esanetan, «PSOE agintean jarri zenean, sei hilabetean ez zen atxiloketarik egon. Jarrera aldaketa eta esperantza hitzak entzuten ziren». Hala ere, lehenengo atxiloketekin batera, tortura salaketak agertu ziren. Larrarteren ustez, «PSOEk orain dela 20 urte zituen metodo berberak erabiltzen ditu, eta, beraz, PSOEren jarrera aldaketa poltsa, bainera, elektrodoak eta bortxaketak dira». Hala, gobernuak aldatu arren, Poliziak jardun berberarekin jarraitzen duela salatu zuen Larrartek.

EAEko Legebiltzarraren jarrera ere gaitzetsi zuen. Izan ere, NBEko kontalariaren gomendioekin bat egin zuen hirukoak eta Espainiako Kongresuari gomendio horiek aplikatzeko eskatu zion. Hala ere, «hirukoak EAEn ez aplikatzea erabaki zuen, Ertzaintzaren protokoloak atxilotuen eskubideak bermatzen dituela esanez». Komunikabideetan torturari ematen zaion lekua ere salatu zuen Larrartek, «Irakeko torturak etengabe agertu dira, baina Euskal Herriko torturekin, berriz, ez da albistegi bat ere irekitzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.