Tortura

Tortura salaketa bat berriz ikertzeko agindu du Konstituzionalak

Ikerketa "zehatz eta eraginkorrik" ez zela egin ebatzi du Espainiako auzitegiak, Garazi Rodriguezen kasuan. "Zaintza judizial eraginkorrerako oinarrizko eskubidea urratu da".

Garazi Rodriguez, 2009ko azaroan, Grande-Marlaskaren aginduz Espainiako Poliziak egin zuen atxiloketan. JUAN HERRERO, EFE
Hodei Iruretagoiena
2016ko abuztuaren 17a
08:35
Entzun

Rodriguezek 2010eko uztailean salatu zuen torturatu egin zutela, Donostiako epaitegi batean. Handik, Madrilgo Probintzia Auzitegira bideratu zuten auzia, baina, diligentzia batzuk egin ostean, artxibatu egin zuten salaketa. Orain, erabaki hura baliorik gabe utzi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, eta Rodriguezen auzia berriz ikertzeko agindu dio Madrilgo 29. instrukzio auzitegiari. Uztailekoa da epaileen erabakia, baina herenegun publikatu zuten BOE Espainiako aldizkari ofizialean.

Ikerketa ez zen egin modu "zehatz eta eraginkorrean", epaileen arabera. "Ikerketa garaiz hasiagatik eta zenbait eduki izanagatik ere, itxi egin zen, oraindik instrukziorako bitartekoak edukirik ere".

40 gazteen auzia

2009ko azaroan atxilotu zuten Rodriguez, Segiren aurkako sarekada batean. Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu zuten, 40 gazteen auzian: absolbitu egin zituzten denak. Absoluzio epaian, torturarekin lotutako hainbat puntu nabarmendu zituzten epaileek; besteak beste, azaldu zuten Italian eta Ipar Euskal Herrian atxilotutako guztiek heldu zietela beren buruaren aurka ez deklaratzeko eskubideari, eta Espainiako Poliziak atxilotuetakoetik 22k deklaratu zutela beren buruaren aurka. Torturak salatu zituzten haiek guztiek.

Garazi Rodriguez antifaza jantzita eduki zutela ere aipatu zuten epaian Auzitegi Nazionaleko epaileek, Espainiako egunkari batean atera zuten argazkia erabilita. «Zentzumenak murriztea nazioarteko torturaren metodoak ikertzeko eta dokumentatzeko eskuliburuan jasoa dago, pertsona desorientatzen duelako eta bakartzea larriagotu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.